Euskonews Gaztea
Gaiak: Irulegiko mahastiak
Bernat Etxepare lizeoa, Baiona (Batxilergoko ikaslea)
Irulegiko mahastiak Baxe Nafarroan kokatzen dira. Frantziako ardantza ttipiena da, haren 200 hektareekin, eta Ipar Euskal Herriko bakarra da. Phylloxéra, mahats–zorriaren irudia.
Orreagako fraideek 1120an lehen mahastiak landatu zituzten Irulegi inguruko herrietan. Mahastiek garai ona ezagutu zuten XVIII. mendean eta horren erakusgarri da arnoak esportatuak zirela Alemania, Ingalaterra eta Herbehereetarantz.
XX. mende hastapenean, 1.700 hektarea mahasti kondatzen ziren Irulegi inguruan, baina phylloxérak (mahats–zorria) kolpe azkar bat eman zien. Azken 50 urte hauetan mahastizale zonbaitzuen nahikeriari esker produkzioa birbultzatu zen, horrekin Goi Mailako Kalitatezko Arno baten lortzeko 1953an, eta Jatorri kontrolatu izena, sor–marka, 1970ean.
Mendiari kendutako zati maldatsuetan zabaltzen dira mahastiak, non gehienak mailakatuta eginak diren; eta, lehen bezala, mahats biltzeak eskuz egiten dira.
Baina mahatsa bildu aitzin, urte guztian zehar lan anitz bada. Hala nola, neguan mahastien moztea egiten da, eta ondoren aihenak botatzen dira. Gero, mahastiaren estekatzera pasatzen dira, eta soberakina kentzen da, begi batzuk hautatuz. Ondotik, hostoak kendu behar dira, mahatsa ontsa ontzeko. Azkenean, udazkenean, mahatsa biltzen ahal da.
Arnoa sotoan egiten da, Irulegiko Sotoan. Kooperatifa bat da eta berrogei bat mahastizain dira. Arno beltzak (%70a), arno gorriak (%20a) eta arno xuriak (%10a) ekoizten dira, 15 herrietako mahatsarekin: Aintzile, Anhauze, Azkarate, Bidarrai, Duzunaritze, Buztintze, Irulegi, Izpura, Jatsu, Lasa, Lekunberri, Orzaize, Baigorri, Donazaharre eta Arrosa.
Bordelesa beltza eta Axeria landareak baliatzen dira arno beltz eta gorrientzat. Bordelesak arnoari kolorea, indarra eta emankortasuna ekartzen dizkio, Axeriak, aldiz, fintasuna eta usain goxoa. Xuriarentzat Izkiriotak, Izkiriot ttipiak eta Xuri zerrariak fruitu exotiko eta lore gustua emaiten du. Uzta ttipiak ukanez, mahastiek arno indartsuak eta aberatsak emaiten dituzte. Euskal Herriko mahastizainen sotoaren hein guzietan goratuak diren zorroztasuna, ximenak eta baita inbertsio handiak ere sariztatuak izan dira azken urte hauetan, Frantziako konkurtso famatuetan.
Gaur egun, atzo bezala, lan guzi horiek helburu bat dute : gure plazerra!
