Euskonews Gaztea
Gaiak: Stop
Bizitza azkar doa, azkarregi aukeran, baina hala da. Egunero jaiki eta gure zereginak egiten ditugu, ikasi, lan, parranda, erlazionatu, dentistara joan... Beti daukagu zereginen bat, betebeharragatik edo norberaren gogo edo nahiarengatik egitekoa. Oporretan ere ez gara geldi egoten, parranda ez bada, tokiak ezagutzera, hondartza edo urtegi batera bainu bat hartzera, edo norbaitekin gelditzen gara museo batetara joateko, adibidez.
Obligaziozkoak edo betebeharrekoak, eta askotan norberaren nahiarengatik sortzen diren ekimenak. Zeregin asko edo gehiegi baditugu ito egiten gara, baina ez badugu zer eginik denbora luzean, buruari bueltak ematen dizkiogu, ataskatu egiten gara; zerbait falta izaten zaigu goizero ilusioz, gogoz eta indarrez esnatu eta ohetik jaikitzeko. Kasu honek, normalean, animoz oso ondo ez gaudela argi uzten du.
Ni behintzat, zeregin denak ahalik eta ilusio eta gogo gehienarekin egiten saiatzen naiz, eta askotan lortzen dudan arren, onartu beharra daukat badauzkadala dena beltz ikusten ditudan egunak. Eta horietan, besterik gabe, bizirauten ahalegintzen naiz, eguna ahalik eta azkarren pasako den esperantzarekin. Gero, badaude gogoz kontra egiten ditudan beste zeregin konkretu batzuk; egin behar dira eta kito.
Zereginek markatzen diguten bizitza honetan ikasi dut noizean behin stop bat egiten. Stop bat atsedena hartzeko eta indarberritzeko; stop bat aurreko stopetik orain arte bizi izan dudana asimilatzeko eta horretan pentsatzeko; eta stop bat konturatzeko zer nolako bizimodua daukadan eta nola bizi naizen hausnartzeko. Izan ere, askotan daramagun abiaduran ez gara konturatzen ezertaz, gustura edo disgustura egon gaitezke baina ez dakigu definitzen zer daukagun ezta zergatik daukagun ere. Gure zereginetan murgilduta bizi garenean gauzak ikusten ditugu baina bistarekin bakarrik, jaramonik egin gabe; eta bizitza honetan garrantzitsua dena ez da ikusmenarekin soilik ikusten.
Stop hori egitean konturatzen gara inguruan daukagunaz, gure zereginen mundutik irten eta zentzumen denekin kanpora begiratzen dugu. Hor daude gure lagunak, gure familia, gure auzokideak, gure lankideak, momentu konkretu batean parean tokatu zaizkigun pertsonak (dentista, kalean bere alabarekin hizketan ikusi dugun aitona goxoa, tabernan irri batekin kafea atera digun tabernaria...), baita herri eta hirietako kaleak, mendiak, itsasoa... Momentu horretan jakin behar dugu – eta ez badakigu, ikasi– daukagun eta pasa zaizkigun gauza on guztiak baloratzen, aintzat hartzen. Berdin da asko edo gutxi, baina gure inguruan daukaguna merezi duen neurrian baloratu eta aurrera egin behar dugu.
Horrela, indar handiz eta gustura biziko gara eta erortzen garenean jaikitzeko gauza izango gara. Bizi gaitezen, bizi! Baina benetan, ez gaitzala zereginen korronte azkarrak eraman, igeri egin dezagun nahi dugun norabiderantz.