425 Zenbakia 2008-01-25 / 2008-02-01
Joaquin Gorrotxategi 1954.urtean jaio zen Eibarren. Haurtzaro osoa bertan pasa ondoren, Salamancara joan zen Filologia ikastera. Bertan Rita Carbajo ezagutu eta berarekin ezkondu zen. Urte batzuk beranduago Koldo Mitxelenak deitu zion eta Gasteizera etorri zen bizitzera. Hasiera batean ikertzaile modura hasi zen lanean, baina gero irakasle hasi zen Gasteizeko unibertsitatean.
Iruña–Veleiako aurkikuntzak aztertzeko deitu zuten bertako zuzendariek, eta segida berean kontatuko digu bere esperientzia. J. Gorrotxategi Veleiako aurkikuntzei buruzko prentsa aurrekoan, H. Knörr eta E. Gilekin batera.
Badakigu sortzez Eibarrekoa zarela, baina duela urte batzuk Gasteizera bizitzera etorri zinen.
Bai, Gasteizen bizi naiz hemen dudalako neure ogibidea. Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zenean, duela hogeita hamar urte inguru, Koldo Mitxelenak deitu ninduen Filologia Fakultatean lan egiteko. Biok Salamancan geunden, bera katedratikoa zen eta ni haren laguntzailea, eta hona etortzeko aukera eskaini zidanean ez nuen zalantzarik izan. Hemengo bizimodua lasaia eta atsegina ikusten dut. Eibarrera, ez naiz oso sarritan joaten, ez behintzat nik nahi beste.
Gaur egun, Gasteizko fakultatean aritzen zara irakasle modura. Txikitatik datorkizun bokazioa da ala kasualitatea?
Txikia nintzenean ez nekien irakaslea izango nintzenik baina ikasten hasi nintzenean konturatu nintzen hori izango zela irtenbiderik normalena. Esan daiteke hori izan zela nire lehenengo lanbidea, ikertzaile modura lanean hasi nintzen arren.
Hizkuntzalari famatua zarela ezin da ukatu. Zer ikasi zenuen zauden tokira heltzeko? Konkretuki zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Ez dakit famatua naizen ala ez, esan dezakedana da gogor ikasi nuela. Hitz egiten ditudan hizkuntzei dagokienez, oso gutxi dira hitz egiten ditudanak: euskara eta gaztelaniaz aparte, frantsesa ere hitz egiten dut. Bestalde, hizkuntza erromantze gehienak ezagutzen ditut beste maila batean.
Nola ikusten duzu unibertsitatearen mundua? Zer nolako lan giroa dago?
Unibertsitatearen mundua asko zabaldu da; gaur egun, ia edozein joan daiteke unibertsitatera ikastera. Horrek esan nahi du prestakuntzaren aldetik batzuek maila izugarri ona izan arren, askok eta askok ez dutela gutxieneko bat.
Duela gutxi arte unibertsitateko irakasle arrunta besterik ez zinen, baina, azken boladan, zure izena sarritan entzun da Iruña–Veleiako aurkikuntzekin loturik. Nola lortu zenuen kontu horretan sartzea?
Iruña–Veleiako arduradunak deitu ninduelako, zenbait gauzatan laguntzeko gai nintzelakoan.
Baina zu ez zara ikerketa horretan parte hartzen duen pertsona bakarra. Nortzuk dira zure lankideak?
Ez noski, ez naiz bakarra. Arkeologoak alde batera utzita badago beste filologo bat, seguru aski ni baino ospe handiagokoa dena, Henrike Knörr.
Aurkikuntza horiek zure eskuetara heltzean zein izan zen zure lehen inpresioa?
Lehenengo aldiz aurkitutakoa ikusi nuenean ezusteko ikaragarria hartu nuen, ez bainuen halakorik espero. Bizpahiru aldiz galdetu nizkion arkeologoari aurkikuntzaren zehaztasunak.
Zertan datza zure lanak? Zer izan da zuretzat harrigarriena edo deigarriena?
Arkeologoak eskatutako eginbeharra, zeramika pusketetan idatzita aurkitzen ditugun euskal hitz edota euskal perpausak aztertzea da. Hasieratik oso deigarria iruditu zitzaidan kontua euskara horren gaurkotasuna izan zen.
Hasiera batean jarri al zenuen zalantzan aurkikuntzaren sinesgarritasuna?
Batzuek hala uste dute, sinesgarritasuna zalantzan dagoela, batez ere aurkitu diren testuak –eta ez bakarrik euskarakoak– ez datozelako bat orain arte ezagutzen genuenarekin. Gauzek berdin jarraitzen dute: ikerketak bukatzean ikusiko da aurkikuntzaren garrantzia zenbaterainokoa den.
Aurkitutako materiala benetakoa suertatuz gero, zerbaitean aldatuko da Arabako historia?
Ezin dizuet honi zehatz erantzun ez baititut testu guztiak irakurri.
Veleiako kontua alde batera utzita, nola ikusten duzu euskararen biziraupena gaur egun?
Beno, galdera zaila da eta alde asko ditu. Alde batetik, argi dago euskararen ezaguera asko hedatu dela, ikastetxeek batez ere, eta komunikabideek asko lagundu dutelako. Baina bestetik, ikusten da euskararen erabilera ez dela toki gehienetan hizkuntza sendo batek beharko lukeen adinakoa.
Ikerkuntzaz gain, beste zaletasunik baduzu?
Bai, asko gustatzen zait mendia, txoriak ikustea eta bidaiatzea.
Zer behar da ikertzailea izateko? Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan bere burua sartu nahi lukeen pertsona bati?
Ikertzailea izateko gauzarik garrantzitsuena jakin mina edukitzea da. Ikertzaile bati esango nioke ez etsitzeko, bidea luzea eta askotan zaila izan arren.
Aukeran irakasle ala ikertzaile?
Ezin dizuet esan; gainera, irakasle ona izateko neurri batean ikertzaile ona izan behar zarela dio jendeak.