425 Zenbakia 2008-01-25 / 2008-02-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aisialdia Bilbon

BEGOÑAZPI IKASTOLAko lantaldea

Bilbo



Egun batetik bestera aldatzen dira gazteek aisialdirako erabiltzen dabezan tresna bitxiak, baita horreen inguruko modak eta joerak ere. Sasoi baten, ordea, ez egoan egungo aurrerapen teknologikorik, ezta asmakizun barrienak erosteko erraztasunik ere. Gaur egun pentsaezina da mugikor, MP–3, ordenagailu, edota Play Stationik gabe bizitzea. Gure arbasoek, ostera, ia ez eben telebistarik edo irratirik ezagutu.

Badira astialdiaz gozatzeko makina bat aukera, halanda guztiz ere, gaur egungo euskal gazteongan, giza fenomeno barria sortu da: boteiloia. Gazteak (edo ez hain gazteak) dendetan edariak erosi ondoren, edozein txokotan biltzen dira, mozkortzen diran bitartean euren gauzez berba egiteko. Helduek, jakina, ez dabe ondo ikusten horrela ibiltzea. Baina bilatzen al dabez moda barri horren arrazoiak? Saiatzen al dira jarduera alternatiboak eskaintzen? Betetzen al dira gazteak eskatzen dabezan gutxieneko baldintzak?

Buruhauste honi aurre egiteko, Bilboko Udaleko Kultura Sailak Bilbao.Gaua sortu dau. Bilbao.Gaua gazteentzat eta gazteekaz egiten dan programa dogu; 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduerak prestatzen dabez asteburuetan egiteko. Eskaintzen diran jarduerak kultura eta kirolaren arloekaz loturik dagoz, eta batzutan, ikastaroren bat egiteko aukera emoten dau. Kirol jardueren artean, Tai chi, Spin bike eta Yoga lako ekintzak aitatu beharko geunkez. Horrez gain, kultur jarduerak legokez. Eskaintza oso zabala da, hala nola, sukaldaritza tailerra, dantza tailerra edo musikoterapia.

Beste alde batetik, Bilbao.Gauak ikastaro ugari oparitzen deuskuz. Honeen ardatza, diru askorik gabe, eta danok eskura ditugun baliabideak erabilita, gure ideiak gauzatzea eta praktikan jartzea da. Baina ikastaldien funtsezko helburua ez da ikastea bakar–bakarrik, baita ondo pasatzea be. Adibiderik onena adierazpenaren ariketa dogu: clown–a. Umorea egiteko berezko modua bilatzea proposatzen deusku, gure ahuleziei eta gure baldarkeriei barre eginez, jolasteko eta modu askean barre egiteko eskubidea aldarrikatuz. Hau da Bilboko gazteei aisialdi alternatiboa eskaintzen deutsen egitarau bakarra eta geure ustetan, zeozer egin beharko litzateke egitaraua gizarteratzeko eta programari probetxu gehiago ateratzeko. Bilboko Udalak proiektu hau bultzatu aurretik, gazteek ez eben aukera handirik, betikoak bakar–bakarrik: zinema, antzerkia, musika edota kirola.

Azkeneko ekintza honeek aurrera eroateko dirua behar–beharrezkoa da. Gazteon eskupekoa, ostera, nahiko eskasa izan ohi da, eta ondorioz, aisialdiaz gozatzeko aukera zabala izan daitekeana murrizturik ikusiko dabe gazteek. Eta horri aurre egiteko, bide barriak aurkitu doguz gazteok; euretariko bat, boteiloia. Gehienok, gainera, boteiloiaren alde gagoz. Egia esan, boteiloia ekintza sozial bat da; lagun barriak egiteko edota nesketan edo mutiletan ibiltzeko modurik zuzenena dala ikusten doguz.

Halanda guztiz be, egia da gaur egun, 1980an hasitako joera hau muturrera eroan doguna. Gazte gehienok astean zehar ez dogu alkoholik edaten, baina asteburuetan, gazteon aisialdian alkoholak leku handia hartu dau, gehiegizkoa behar bada.

Kalean edatearen ohitura honek, ondorio larriak dakarz. Batetik, fenomeno honen eraginez kaleetan pilatzen dan zikinkeria negargarria da. Bestetik, alkohola edanda, ohikoak dira koadrilen arteko borrokak, iskanbilak, istripuak…

Hau guztia ikusita, Bilbao.Gaua lako programak ezin hobeak dira arazo honi aurre egiteko, Bilboko Udalaren ekimena primerakoa begitantzen jaku. Bilbao.Gaua programari esker, gazteek aisialdian ondo pasatzeko bide barria aurkitu dabe.

Boteiloia beraz, ez da lagun barriak ezagutzeko bide bakarra, ekintza honeek ere lagungarriak dira lotsa alde batera izteko, gauza barriak ikasteko, eta batez ere, ondo pasatzeko.

Guk, hala ere, aldarrikapen eta eskaera berezia ekarri gura dogu orriotara. Guk onartu dogu boteiloia ez dala aisialdiaz gozatzeko biderik egokiena eta Bilbao.Gaua lako ekintzak oso lagungarriak dirala aisialdiaz gozatzeko eta jokabide osasuntsuak indartzeko. Halan eta guztiz ere, hasieran aitatu dogun legez, holako ekintzak 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoz. 13, 14 eta 15 urte doguzanontzat, ostera, zer? Ez dabe ezer antolatu behar? Adin tarte honetan hasi ohi gara boteiloia egiten eta geuk ere, boteiloiari aurre egiteko baliabideak eta laguntzak behar doguz.

Amaitzeko beraz, gure adineko gazteentzat ekintza hezigarriak bultzatu beharko leukiezala uste dogu, bai boteiloia murrizteko, bai ondo pasatzen dogun heinean, ikasteko ere.