424 Zenbakia 2008-01-18 / 2008-01-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nerbioi Ibaia

ANTZINAKO ANDRAMARI Ikastetxeko lantaldea

Urduña



Nerbioi ibaia begiratzeko bi momentu desberdin daude urtean zehar. Urteko hilabete gehienetan – ibaiak urik ez daraman hilabeteetan– Burgoseko begiratokitik ikusita zeharo txundituta uzten gaitu paisaia ikusgarriak. Eta zer esanik ez garai euritsuetan sortzen duen 270 metroko ur jauziak; hau ikusi eta entzun egin behar da bizitzan behin bada ere. Motxilak soinean, txango bat eginez

Ibaiaren sorburura eramango gaituen ibilbide bat egitea polita izan daiteke. Hala, naturaren indar erraldoi honen behealdeko ikuspegia lortu nahian, Delika herriko atseden lekutik atera gaitezke, ibaiaren jaiolekurantz zuzenduz.

Hala ere, kontuz ibili behar dugu; sasoiaren arabera ur kopuru desberdinarekin egingo baitugu topo ibilbidean. Eta zenbat eta ur gehiago eraman (batez ere udaberrian) ikustaldia orduan eta zoragarriagoa izan arren, zailagoa eta arriskutsuagoa ere izango da bidean aurrera egitea. Zergatik? Ibaia ohikoa baino handiagoa izango delako eta behin baino gehiagotan zeharkatu beharko delako; eta alderantziz, hots, urik ezean bidea erraza bihurtzen da baina ez du hainbeste merezi.

Askaldegitik, ibaia ezkerrean dugula egingo dugu aurrera eta harrizko zubi bateraino iritsiko gara eta ikusiko dugu bidezidorra ibaian bertan amaitzen dela.

Esan genezake hortik aurrera datorrela zailtasuna, erreka ahal dugun moduan behin eta berriz pasatu beharko dugu eta. Baina badugu beste aukera bat ere: tarteko ubide eta ur–jauziak gerturik sentitu eta ikusiko ez baditugu ere, harrizko zubia igaro eta goiko aldetik ibaiaren hasiera ingururaino eramango gaituen bidexka hartuz eta aurrera jarraituz, azken unean ibaira jaitsiz. Izenaren nondik norakoak

Adituek ez dute garbi Nerbioi izenaren jatorria zein den. Ikerlari batzuen iritziz, Norbaina (920m) mendiarekin zerikusirik duela diote, Delikako sakonera salto egiten duen inguruetako mendiarekin, hain zuzen. Beste batzuek, ordea, Nerva enperadore erromatarrarekin erlazionatzen dute Nerbioi ibaiaren etimologia. Nerbioi edo Nansa ere deitu zaio.