424 Zenbakia 2008-01-18 / 2008-01-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hizkuntzen urtea

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Nazio Batuen Erakundeko bandera.

Hasi berri dugun urteak zentzu berezi bat izango du. Askok jakingo duzue, beste batzuek ez: 2008.urtea Hizkuntzen Nazioarteko Urtea da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2007an pentsatu zuen hori halaxe izatea. Zeintzuk izango dira asmoak?

Urte berezi hau ospatzeko arrazoiak hizkuntz aniztasuna, batasuna eta nazioarteko ulermena sustatzea dela azpimarratu dute Nazio Batuen Erakundetik. Proposamena enbaxadore frantsesak, Jean Marc de la Sablièrek egin zuen, eta Batzar Nagusia osatzen duten 192 herrialdeek baiezko borobila eman zioten.

Jakin badakigu, eleaniztasunak dibertsitatea adierazten duela. Hala ere, kasu hori eman dadin, beharrezkoa da funtsezko eskubide batzuk bermatzea eta ematea, nahiz eta kasu batzuetan bi horiek ez datozen bat.

Izan ere, nahiz eta batzuetan bermatzen den hizkuntzaren erabilera, ondoren errealitatea, ez datorren bat aldarrikapenarekin, eta ezin izango dugu gure hizkuntzan hitz egin Euskal Herrian, zoritxarrez, horren adibide mordoa aurki ditzakegu. Hizkuntzen garrantzia

Hizkuntza bat pertsonaren nortasunaren zati garrantzitsua dela ezin dugu ukatu. Gainera, mundu globalizatu honetan, garrantzitsuagoa da herri bakoitzak bere hizkuntzari eustea. Izan ere, Nazio Batuen Erakundeak plazaratutako datu batzuen arabera, gaur egun munduan existitzen diren hizkuntzetatik %50ak du desagertzeko arriskua. Eta zenbat lengoaia hitz egiten diren? Gutxi gorabehera 7.000 –behintzat ezagutzen direnak.

Dirudienez guzti horien laurdena baino gutxiago erabiltzen dira, bai ikastetxeetan eta baita ziberespazioan ere. Hala, garrantzitsua da (gure kasuan) euskara bultzatzea, eta batez ere, erabiltzea.

Horregatik esan liteke Euskonews Gaztea errealitate hori aldatzeko ekarpen txiki bat dugula, eta aldi berean, munduko txoko ezberdinetara gure hizkuntza helarazteko bide bat.