424 Zenbakia 2008-01-18 / 2008-01-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aberto Iglesias

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Alberto Iglesias Donostian jaio zen musikari, 1955.urtean hain zuzen ere. Konpositore oso ezaguna da gipuzkoarra, eta ez bakarrik Euskal Herri mailan, baita mundu mailan ere. Argazkia: Alberto Iglesiasen webgunetik.

Donostiako Kontserbatorioan musika ikasi zuen: piano, armonia eta kontrapuntua. Baina gainera, konposizioko eta musika elektronikoko eskolak ere hartu ditu, Parisen eta Bartzelonan, hurrenez hurren.

Batez ere zinemarako egin dituen soinu bandengatik da ezaguna Alberto. Hasi zenetik – 80ko hamarkada– hogeita hamar lan baino gehiago konposatu ditu. Lehenengoa, Julio Medemen Vacas filmerako idatzi zuen. Lan horrexegatik Goya sarietarako lehen izendapena eskuratu zuen. Ondoren etorri ziren beste zuzendari batzuekin eginiko lanak. Besteak beste, Pedro Almodovar (Todo Sobre mi Madre, Carne Trémula, Hable con ella eta La Mala Educación), Iciar Bollaín (Te doy mis ojos), John Malkovich (Pasos de Baile) edota Oliver Stone (Comandante) zuzendariekin aritu da.

Baina Fernando Meirelles brasildarraren The constant gardener (El jardinero fiel) filmari esker Oscar sarietarako izendapena lortu zuen 2005.urtean.

Sari ugari jaso ditu bere ibilbidean. Pedro Almodovarren Volver film arrakastatsuak sari ugari jaso zituen 2006an eta film hartako musika saritua izan zen EFA 2006an (Europako film sariak), eta gainera Goya Saria eskuratu zuen baita ere. Noski, musika donostiarrak konposatutakoa zen.

Bestalde, Espainiako Kultura Ministerioak Zinematografia Sari Nazionala eman zion 2007an. Gainera, Marc Foster zuzendariaren The Kite Runner pelikularako eginiko musikarengatik Satellite Award 2007 eman zioten, eta AEBn ematen diren Urrezko Globoetarako izendapena ere jaso zuen, baina 2008ko urtarrilaren 13an ez zuen sari hori lortu.

Musika bikaina egiten dakiela erakutsi du donostiarrak, eta orain arte bezala, bere pasioa denarekin hunkitzen jarraituko du Alberto Iglesiasek.