421 Zenbakia 2007-12-21 / 2008-01-04

Gaiak

Gabonak Brasilen: pasaera erritua

ORMAZABAL, Estebe

Ai andar andei

Ai como eu andei ...

E aprendi a nova lei!

Alegria em nome da rainha

É folia em nome de reis! Ibili naiz ibili

Ene zenbat ibili naizen ...

Eta ikasi dut lege berria!

Poztu erreginaren izenean

Festa erregeen izenean!

Errege eguneko kopla (Folia de Reis)

Inoiz ez ditut ahaztuko nire lehen gabon festak Brasilen: berrogei gradu itzalpean, caipirinha bat eskuan eta hankak itsasoko ur-epeletan bustitzen nituela, nor gogoratzen zen Euskalerriko gabon kanta eta elur-bustiaz? Denborak erakutsi dit Estatu Batuetatik inportatutako “Papai Noel” (Father Christmas) eta ipar-europako pinuak, hemen ipuru eta palmera dekoratu bihurtuak, bazutela atzetik benetako Gabon Brasildar baten ospakizuna. Argazkia: Maider Sillero

Brasilgo historia motza, batez ere nazio indigena, portugaldar eta afrikarren nahasketa kulturalaz elikatua dago. Guzti honi XVII. mendetik aurrera bertaratu ziren italiar, alemaniar, espainiar, frantziar, libanotar eta japoniarren ohiturak gehitu behar dizkiogu, ahaztu gabe tartean euskaldun, galiziar, finlandiar, holandar, korear etab. luze batek, bere harri-koxkorra jarri dutela saltsa guzti honetan.

Brasilgo kultur aberatsa, kultur guzti hauen elkartzetik sortu zen, eta Gabon festen ospakizunak, bere funtsa kristautasunean izanik, erlijiositate popularrak, afrikako erlijioak (Candomble eta Umbanda) eta kristautasuna nahastu eta bereganatzeko duen gaitasunaz, Gabon kristauaren itzulpen berezi bat osatu du superstizio, mitologia eta sinesmen mundu berezi bat osatuaz.

Gabonak azaroaren bukaeran hasten dira (bai, azaroa) eta urte bukaerako pasaera erritu intenso baten ondoren, urte berria Inauteriak eta gero bakarrik hasten dira, bai, Inauteriak pasa eta gero. Beraz, ia bi hilabeteko ospakizunak.

Gabon ospakizunak dekorazioarekin hasten dira: zuhaitza, argiak eta jaiotzak (Presepio). Gabon aurretik jarritako jaiotzean, Candombleko jainkosei (Orixa) loturiko belarrez apaintzen dira: kafe hostoak, erromero adarrak... eta Errege Egunean, urtarrilaren 6an, Erregetako Festa - Folia de Reis (Erregetako Zoramena) ospatzen delarik (oparirik gabe, opariak “Papai Noelek” ekartzen ditu) belar guzti hauek erretzen dira, “Queima de Palinha” (Lastotxo erreketa), koplak abestu, pasatako zikloa ospatuaz eta ziklo berriari ongi-etorria emanaz.

Kristautasuna, erlijio afrikar eta indigenen izaera “amatiarrera” egokitua izan zen ilargi, musika eta dantza elkartuaz. Gabon gaua, famili eguna da, eta “Papai Noel”ek bere opariak ospakizunaren erdian ekartzen ditu, ume eta helduek jaten eta edaten duten bitartean. Beraz festaren erdian opariak jaso eta goizeko ordu txikietaraino luzatzen da festa.

Abenduaren 31a, Réveillon, pasaera erritu intenso batez ospatzen da: berritzea, garbitzea, iragana atzera uztea sinbolizatuaz, denak zuriz jantzita hondartzan elkartzen gara. Urte berria heltzean zazpi olatu salto egin, kandelak piztu eta loreak eskaintzen zaizkio Iemanja, Candombleko itsasoaren jainkosari urte guztirako osasuna, dirua eta amodioa eskatuaz. Réveillon. Argazkia: http://oglobo.globo.com/fotos/2006/12/31/31_MHG_rio_mais_iemanja.jpg

Hortik kanpo gau honetarako mila errezeta daude urte guztirako oparotasuna eta aberastasuna ziurtatzeko: lentejak afaldu urte osorako dirua barra-barra izateko, dirurik faltan ez izateko beste errezeta bat granada baten zazpi luku jan eta haziak diru-zorroan gordetzea da. Txerri haragia jateak ere zorte ona dakar: txerriak muturrarekin aurrera usaintzen duenez, janez beteriko armairuak ziurtatuko dizkigu. Arabiarrek ekarritako hur, gaztaina edo intxaurrek ere urte guztirako aberastasuna ziurtatzen dute.

Etxea erraztu atzetik aurrera eta zaborrak kanporatu, erratza erre, ateetako heldulekuak gatz larriarekin garbitu eta etxeko loreak horiak direla ziurtatu, urreari deitzeko! Guzti hau zorte onari deitu eta datorren ziklo berriari ongi-etorria emateko.

Ziklo berriaren hasiera Inauterietaraino, Carnaval, luzatzen da: Erregeetako eguna, São Benedito, São Sebastião eta azkenik Inauterietako katarsia, Iemanjari eskaintza handia eta azaroan hasitako ospakizunen burutzea: lau egunetako festa, ziklo berriari, azkenean, hasiera emateko.

Beraz, Euskalerri osoari Eguberri on eta Pake, Amodio, Osasun eta Oparotasunez betetako urte berri bat opa dizuegu Brasildik. Feliz Natal e um Ano Novo cheio de Paz, Amor, Saude e Amizade!