Euskonews Gaztea
Gaiak: Bertsoa eta musika eskutik doaz
Argazkiak: Asier ARROITA
Zenbat alditan erabili ote da lagun koadrilan gu ta gutarrak esaldia, edo ospakizunetan, edo bertsotan... Euskaldunen arteko esaldia da, aspaldikoa, gainera. Halaxe egiten dute Gu ta Gutarrak taldekoek ere: bertso berriak eta lagun zaharrak bildu. Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek Josu Zabala, Aitor Rubio eta Xanpe musikariekin sortutako taldea da Gu ta gutarrak, hain zuzen. “Bertso musikatuen emanaldia eskaintzen dugu”, azaldu dio Igor Elortzak Euskonews Gazteari. Izan ere, hainbat emanaldi eskaini dituzte, dagoeneko, Euskal Herriko herrietako areto eta tabernetan.
Gu ta Gutarrak proiektua 2006ko udan hasi ziren martxan jartzen. Hasieran, emanaldietara mugatzen zen proiektua bezala jaio zen. Bertsoei musika jarriz, hainbat gonbidatuekin kantuan aritzeko asmoa zuten. Baina, emanaldiek aurrera egin ahala, Gu ta Gutarrak proiektua sendotzen joan da. “Ez genuen diskorik grabatzeko asmorik, baina azkenean hamaika kantu grabatu ditugu diskorako, eta oso gustura gabiltza“. Horrez gain, emanaldi guztiak ezberdinak direla azaldu du Elortzak: “Emanaldi bakoitzean inguruko pertsonaren bat gonbidatzen saiatzen gara, bere gutarrak azal ditzan. Emanaldiak bereziak dira, izan ere, bat-batekotasunari tarte zabala ematen diogu bertsotan ari garenean”. Barruko gutarrak
Taldearen izenburuak askoren arreta piztu du azken aldian. “Gu ta gutarrak esaterakoan, gutako edonork bere barruan hainbat gutar edo nortasun dituela esan nahi dugu. Horiei leku egin nahi diegu proiektu honetan. Horretaz aparte, gutako bakoitza ere bat gehiago dela gutar askoren artean esan nahi dugu. Orain arte, gure emanaldietan gutar gonbidatuak edukitzea lortu dugu. Gauden tokiko edo inguruko beste diziplina bateko artistak eraman ditugu, hala nola, bertsolariak, antzerkilariak, idazleak, musikariak... horien artean, eta gure boskotearekin, une bereziak sortzen dira”.
Emanaldien berezitasuna nolakoa den azaldu nahi izan du Elortzak. “Bertso sorta eta kantaren arteko definizioa asmatu nahi izan dugu hitz berriekin. Sarreran, agur moduko bat egiten dugu beti doinu berberarekin, tokian tokikoari. Emanaldiaren erdialdean, gutar gonbidatuak sartzen ditugu eta hor sortzen dira bat bateko saioak. Batzuetan luzeago, besteetan laburrago, baina ohiko bertsoak sortzeaz gain, oso gauza politak ateratzen dira”.
Batzuetan musikariek beren doinuekin jartzen dizkiete gaiak gonbidatuari. “Kantu ezagun bat proposatzen zaio, horrek eman dezakeen aukera ezberdinekin. Adibidez, Rolling Stones taldearen Satisfaction jo ziguten Donostian, eta horrek hainbat gai proposa ditzake: agian, Rolling Stones zaleak izan gaitezke, edo beharbada, beren kontzertuen inguruko zalaparta mediatikoaz ariko gara, edota plazerraz hitz egin dezakegu”. Gogoan du Ander Lippus antzerkilaria gonbidatu zutenean. Elorzaren esanetan, berak bere pertsonaia batzuk antzeztu ondoren, pertsonai horiek gai bihurtu ziren. Beste emanaldi batzuetan, Azpeitian egin zutena esaterako, Xabi Borda izan zen gonbidatua. Poema batzuk irakurri zituen, eta ondoren etorri ziren bat bateko bertso musikatuak.
Bukaeran, berriz, Zazpi Eskaleren rock erritmoko doinu bat hartuta, Elortzak eta Iturriagak bat bateko bina bertso kantatzen dituzte. Horrekin batera, emanaldia izan denaren laburpen txiki bat egin dute kantuan. “Egunekotasuna gonbidatuek markatzen dute, eta askotan horietan zentratzen gara”. Amaiera iristen denean, lasaitzen joaten dira Gu ta Gutarrak taldekoak, eta inprobisazioari egiten diote tartea. Zazpi Eskale, aurreko proiektua
Proiektu honen aurretik, Elortza, Iturriaga eta Zabala, Zazpi Eskale taldean ibilitakoak dira. Basaurin egin beharreko jardunaldi batzuk zirela-eta, bertso berriak pobreziari jarri, eta plazara atera zituzten, artean sei eskale zirela. Ondoren Zazpi Eskale bihurtuko ziren. Orduan ere hainbat emanaldi eskaini zituzten, eta jendeak oso harrera ona egin zien. Kasu honetan proiektu “bertsolariagoa” egin nahi zuten taldeko kideek. “Gu ta Gutarraken emanaldietako protagonista nagusia hitza da, eta musika apur bat dago hitz horren aberasgarri”.
Elortzak eta Iturriagak horrelako proiektua aurrera ateratzeko gogoa zuten, nahiz eta ez zuten denbora gehiegirik, bertsolaritzako ekitaldiak zirela eta. “Pentsatu genuen Bizkaiko bertsolari txapelketaren aldekoak izan arren, atsedena hartzeko unea zela. Batez ere, agenda geuk markatzeko, eta taldea gauzatzeko ordua zela erabaki genuen”. Hala, 2007ko otsailaren 1ean egin zuten lehen emanaldia, Bilbon. Ordutik oso pozik daude bertsoak eta musika uztartzen dituen proiektuarekin. “Horrelako gauza bat egiten duzunean, zure zalantzak dituzu ea jendearengana iritsiko zaren, baina lortu dugula uste dut”.
Lehen aukera Korrika Kulturalean izan zuten, Bilbon, Gu ta gutarrak zer zen erakusteko. “Euskal Herri osotik ibiltzeko parada izan genuen gero, hala nola, Iruñean, Baigorrin, Amurrion, Arrasaten eta Oiartzunen. Gure gutarrak ateratzea lortu genuen, eta horretan jarraitzen dugu. Orain emanaldi dezente ditugu hitzartuta”. Bestalde, diskoa Internet bidez edo beren emanaldietan eros zitekeen bakarrik orain arte, baina hemendik aurrera, “dendari batzuen eskaera dela eta, dendetan ere erosi ahal izango da denbora laburrean”. Bertsoa eta musika eskutik doaz proiektu honetan.