417 Zenbakia 2007-11-23 / 2007-11-30
Azaroaren 24an, burutuko da Ubide–Zeanuri Larreen Mankomunitatearen I. Zeharkaldia, Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar elkarteen antolakuntzapean, eta udalerri bietako Udalen, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearen eta BBKren laguntzarekin. Argazkian, galtzadaren zati bat ikus daiteke.
Oinezko martxa honekin hiru helburu nagusi finkatu dituzte antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek (Bizkaia) larreen mankomunitatearen inguruan urtero egiten duten bilera historikoa ezagutzera ematea; bestetik, zeaniztarrei zein ubidarrei zein bisitariei bi udalerrietako ingurumariak —eta bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituen Erdi Aroko galtzada— ezagutzera ematea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko harremanak sendotzea. Bi udalen bilera
Duela mende batetik Zeanuriko eta Ubideko Udalak elkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean; udalerri bakoitzean izena emandako abelburuen zenbakiak aurkezteko, eta kontuak egiteko batzen dira. Jarraian, batzar agiria sinatu eta bi udaletako zinegotziek batera bazkaltzen dute. Urtero errepikatzen den ohitura eta betebeharra da. Dirudienez, batzar horren zergatia, bazka–larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek mendeetan zehar izan dituzten gorabeherei eta istiluei amaiera emateko adostutako akordioa da.
Urtero egiten da Udalen batzar hori, nahiz eta bere jatorria ezezagunak diren ubidar eta zeaniztar gehienentzat. Hortaz, ikerketa sakona, edo gutxienez argipena, beharko lukeen gertaera da. Hori da etorkizunera begira antolatzaileek planteatu duten beste erronka bat.
Zeharkaldiaren irteera Ubideko plazan, udaletxearen aurrean izango da goizeko 10:00etan, eta ibilbide osoa egiten dutenek 12 kilometro inguru beteko dituzte. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadak jarraitzen zuen bidetik joango dira parte–hartzaileak. Bigarren kilometroan galtzadaren arrastoak argi eta garbi azaltzen dira eta bertatik ibiltzeko aukera izango da. Udalek ospatutako batzar baten irudia.
Tarte hori amaitu ondoren beherantz egiten da Saldroporantz zuzentzeko; hemen Otsarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro, eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz jotzeko; jaitsiera hasi bezain laster arbel–gune bat azaltzen da ibilbidean, eta mendeetan zehar gurdiek utzitako gurpil–markak ikus daitezke bertan. Aldain auzunetik igarotzerakoan galtzadatik zetozen zaldien posta–etxea zegoen ondotik igaro eta Undurraga auzunean sartzen da bidea. Urtegiaren eskumako ertzetik jarraituko dute ibiltariek, azkenik Zeanuriko plazara iristeko.
Zeharkaldia burutzerakoan, hamabiren bat kilometro izango dituzte oinetan ibiltariek, baina hitzorduari erantzutea merezi du, Ubide eta Zeanuri lotzen zituen galtzada eta bere inguruan azaltzen den ondare historiko–etnografikoa ezagutzeaz gain, udazkenean naturak azaltzen duen koloreen sinfoniaz gozatzeko aukera.
Ubide–Zeanuri. Larreen Mankomunitatearen I. Zeharkaldiari amaiera emateko, udaletxepeko aretoan Ubide eta Zeanuriko zinegotziek batzarra egingo dute; bilera horretan idazkariek udalerri bakoitzean izena eman duten abelburuen zenbakiak azalduko dituzte, eta amaieran batzarkideek bilera agiria sinatuko dute, bazkaltzera joan aurretik.
Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Ubideko udalean, eta bazkaria ordaintzea ubidarrei egokituko zaie.