416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Juan Joxe Zubieta Etxabe. Bertsolaria: Euskaraz egiteko eta euskaraz ikasteko behar hori norberak sentitu behar du

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Ekain Velez de Mendizabal

Etxabe bigarren abizena duen arren, horrela da ezagun nafar gazte hau. Lesakar honek ere parte hartu du Alberdi, Paya, Kolina eta Perearekin batera Euskararen Nazioarteko Eguneko bideoan. Nafarroan euskarak duen egoerari buruz hitz egin digu Euskonews Gaztea aldizkarirako.

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Eusko Ikaskuntzaren bideoan hartu duzu parte. Zer moduzko ideia deritzozu?

Euskararen alde egiten den edozer ona dela iruditzen zait. Zorionez baino, zoritxarrez beharrezkoa ikusten dut horrelako egun bat ospatzea. Asko dago egiteko oraindik. Hala ere, egia da garai okerragoak bizi izan dituela euskarak.

Iru?eko harresiaren inguruan abestu zenuen.

Benetan berezia izan zen. Leku arrotza da niretzako, hau da, ez dut horrelako lekuetan bertsotan egitera ohiturarik. Baina ez nintzen deseroso sentitu, egia esan.

Euskara eta gazteak izan da bertsoetako gaia. Nola ikusten duzu egoera hori?

Nire inguruan gazteen artean euskara normalizatuta dagoela ikusten dut, egoera onean. Gazteek erabiltzen dute hizkuntza, eta ongi erabili gainera.

Eta nola ikusten duzu Nafarroako egoera?

Lesaka aldean euskara betiko kontua izan da; hau da, gure aitona-amonak, gure gurasoak euskaldunak ziren. Guztiz normala da euskara. Baina argi dago Nafarroan orokorrean erdara-guneak euskara-guneak baino gehiago direla. Hala ere, aldatzen ari da eta geroz eta euskaldun gehiago dagoela uste dut, egiten ari den lanarengatik batez ere.

Noiztik daramazu bertsolaritza munduan?

Zortzi urte izango dira serio hasi nintzela. Ez naiz bertso-eskoletatik atera den bertsolari bat eta egia da ez garela asko bide horretatik hasitakoak. Beti gustatu izan zait bertsotan aritzea, parrandan egiten nuen, eta herrian ere bertsolari dezente dago; beraiek animatuta hasi nintzen.

Zein girotan abesten duzu erosoen?

Afalosteko giroan, hurbileko giro epel horretan sentitzen naiz erosoen kantatzen. Txapelketak ere hor daude, baina desberdina da: urduritasuna...

Nola animatu dezakegu jendea euskara erabiltzera?

Ez da lan erraza inor konbentzitzea euskaraz aritzeko. Niretzako euskaraz egiteko eta euskaraz ikasteko behar hori norberak sentitu behar du. Euskal Herrian bizi garela eta gure hizkuntza dela argi dugu. Dena den, hizkuntza ederra dela eta gauza asko eman ditzakeena da euskara. Maitagarria eta ederra da. Joxe Juan Zubieta Etxabe (Nafarra) Ezohiko moduan hasi zen Etxabe bertsolaritzan. Ez da beste asko bezala bertso-eskola batetik atera, lagun artean kantatzetik baizik. Esan liteke, kalea dela bere eskola. Eta gauzak ongi egiten dituen seinale dugu, txapela jantzi izana. Esaterako, Nafarroako Bertsolari Txapelketan bigarren geratu zen 2006an edota 2007ko hirugarren.