416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23
Azaroaren 16an Tolerantziaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Gure gizartean milaka pertsona bizi gara, denok desberdinak, denok arazoekin, denok berezitasunekin. Baina diferentzia horiek gaindituta, denok berdinak garela konturatzen gara.
Zenbait kasutan ez da hala gertatzen, alabaina, eta gizabiderik gabe jokatzen da behin baino gehiagotan. Kasu horretan eskatu beharrekoa, tolerantzia da. Guk errespetatuak izan nahi badugu, gainerakoenganako begirunea erakustea ezinbestekoa dugula argi eduki behar dugu.
Garrantzitsua da txiki–txikitatik erakustea tolerantea izaten. Izan ere, orduan barneratzen ditugu jokabideak naturaltasun gehienez. Ikasgelan beste kultura bateko jendea baldin badugu, elkarbizitzen ikastea erraza izaten da, esaterako. Zergatik? Haur baten begietan desberdintasunak ez direlako existitzen. Baina argi eduki behar da, gazteek ikasteko funtsezkoa dela nagusiek ere jokamolde tolerantea erakustea.
Bestalde, aipatzekoa da gure gizartean tolerantzia hori sustatzen ahalegintzen diren hamaika talde daudela. Esparru desberdinak jorratzen dituzte eta beraien helburua izan ohi da, besteak beste, desberdin den hori gizarteak “normaltzat” ematea. Homosexualitatearen inguruan, erlijio aniztasunaren inguruan, arrazakeriaren inguruan... egiten dute eta lan gogorra eskatzen dute gehienetan.
Pertsonak konturatu beharko ginateke desberdin izatea polita dela, ez dela ezer gertatzen berezia izateagatik. Hausnarketa egin eta galdetu beharko genioke gure buruari zerk bultzatzen gaituen modu ez tolerante batez jokatzera. Besteak ezagutu behar ditugu, elkar ulertu. Izan ere, desberdina dena ezagutzeko beldurra eta ezjakintasunak eramaten gaituela tolerante ez izatera. Tolerantzia zero
Hala ere, badaude gai batzuk non gazte eta helduok horien aurrean tolerantzia zero jokabidea erakutsi behar dugun. Kasu bat izango litzateke genero indarkeria edo arrazakeria, adibidez.
Ezin gara isilik geratu halako kasuen aurrean. Askotan pentsatzen dugu genero indarkeria beste belaunaldi baten kontua dela. Baina izugarria da gaur egun ematen diren kasuetan 25–30 urte bitarteko zenbat pertsona diren protagonistak.
Gazteok ez baditugu horrelako jokamoldeak onartzen, gizartean aldaketak eragiteko aukera edukiko dugu. Izan ere, gu gara etorkizuna eta gugandik hasita birmoldatuko dugu gizartea.