416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23
Hotzikara bat oinetatik gora; belaunetik pasa eta bizkarraldea zeharkatu ondoren, leporaino. Modu honetan esnatu naiz goizean eta mantei estuago heldu diet bi eskuekin. Lehenengo begi bat ireki dut, bigarrena ondoren. Ilunpea argitzen hasi da eta formak bereizteari ekin diot: lanpara, parean dudan leihoko gortinak, armairu aldameneko esekitokian daukadan toalla urdin bakarra ...
Mugitzea ere kosta egin zait minutu batzuez. Ez dut gelako freskotasunean murgildu nahi, izaren artean jarraitu nahiko nuke goxo–goxo, munduari aurre egin gabe. Eskuineko eskuarekin nire aldamenean behar lukeenaren hutsunea sumatu dut, eta atsekabeturik, egun berriari hasiera eman diot.
Ordu erdiren buruan dutxa on bat hartuta eta ohiko kafea irentsita, prest nago kalera irteteko. Ez dakit zer eskainiko didan astelehen madarikatuak, baina dena delakoa zapaldu eta aurrera egingo dut.
Orduak pasatu dira. Hamaikak, ordu–biak, lauak... eta azkenean, seiak eta laurden. Jo du lantokiko sirenak eta urteko ia egun guztietan bezala, ez zait ezer berezirik pasatu: nagusiaren begirada maltzurra nire lepondoan, haserretutako bezero baten deia eta inbidia didan lankidearen hitz okerrak; betikoa. Eskerrak bulegoko gehienekin primeran moldatzen naizen, eta horrek burumakur egotea galarazten didan!
Kalera irteterakoan eguzkia ezkutatzen ari da. Iparraldeko haizea aurpegian talka egiten sumatu dut. Jertsea ondo lotuta nago 8A autobusaren zain. Hasi da jendea gerturatzen. Gehienak ezagun ditut, bidaia kide baikara asteko bost egunez eta beste bietan sarri egin dugu topo taberna–zuloren batean. Ile horiak Iker izena duela iruditzen zait, txapela jantzi ohi duenak, berriz, Marta... – egunen batean galdetuko beharko diet nola deitzen diren!
Baina gaur pertsona berri bat sartu da gurekin, eta kasualitatez, nire aldamenean eseri da. Aingeru irribarre batekin galdetu dit ea libre zegoen aldameneko eserlekua... Imajinatu, lotsa ere sentitu dut! Totelka erantzun diot hasieran. Aspaldian ikusi dudan aurpegi atseginena du eta konturatu naiz gorri–gorri jarri naizela hitz egin didanean, hankak ere dar–dar antzean sentitu ditut. Esku perfektuak ditu, luzeak eta azazkal paregabeekin. Ez du askorik behar izan hizketan hasteko. Antza, eraikin berdinean egiten dugu lan; administraria da. Kafe bat ere hartu dugu elkarrekin, eta uste dut gustuko nauela...
Berandutu egin zait gaur. Hitz egiten denboraren aria galdu dut eta ez naiz behar denboran iritsi gure hitzordura... Barkatu. Badakit mundu hau utzi zenuenetik gure parke kuttuneko bankuan eseri eta zeru izartuari begira minutuak eta orduak igarotzen ditudala. Gaur laburra izango da eta ez dakit nola hasi. Barkatu hitzak egoki ateratzen ez bazaizkit.
Urtebete egingo du datorren astean utzi ninduzula, eta aurrera egiteko unea iritsi zaidala konturatu naiz, maitea. Ezagutu berri dudan neskak Maite du izena eta nire bihotzak esaten dit, nahiz eta beti nire sentimenduen jabe ere izango zaren, pertsona berri honek bete lezakeela hutsune handi bat. Zu ezagututa, nahi izango zenukeena dela badakit, baina ez naiz horretaz ohartu orain arte. Eskerrik asko eman didazun guztiagatik, eman didazun indar eta kemenarengatik. Gaurtik aurrera, gutxiagotan egingo dugu topo gure txoko honetan, baina begiak ixterakoan, beti izango zaitut oroimenean, laztana.