416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23
Benito Lertxundi oriotarra da eta 1942. urteko urtarrilaren 6an jaio zen. Familia handi bateko azken semea, bederatzi anai-arrebetatik gazteena.
Musikari ezagunak betidanik izan du artista sena. Izan ere, gaztetan marrazketa atsegin zuen eta Zarauzko Arte eta Ofizio Eskolara joan zen ikastera. Hogei urte bete gabe erloju denda batean hasi zen beharrean, erlojuak konpontzen, eta jabeak utzitako laute bat afinatu eta jotzeari ekin zion, bere kasa ikasiz. Horren atzetik, gitarra hartu eta halaxe hasi zen Benitoren musika ibilbide oparoa.
Donostian antolatutako kantu lehiaketa batean esku hartu eta hortik aurrera bizimodua aldatu zitzaion gipuzkoarrari. 1971.urtean Benito Lertxundi izeneko lehenengo lana kaleratu zuen. Sei urte beranduago disko bikoitz bat argitaratu zuen eta Zuberoa- Askatasunaren Semeei izena jarri zion. Ez zen azken disko bikoitza izango, izan ere 1981. urtean beste bat kaleratu zuen, Altabizkar- Itzaltzuko Bardoari izenez bataiatu zuena. Gaueko ele ixilen balada iritsiko zen bere jarraitzaileen eskuetara 1985ean eta bi urteren buruan Mauleko bidean...izatearen mugagabean lana prestatu zuen. Hunkidura Kuttuna (1993), Hitaz Oroit (1996), Auhen Sinfonikoa (1998), Nere Ekialdean (2002), 40 urtez ikasten egonak (2005).
Diskografia luzea ezbairik gabe oriotarrarena eta horrek, bere jarraitzaileak belaunaldi ezberdinetakoak izatea suposatzen du. Guraso eta seme-alaba askoren gustuko kantuak egiten ditu. Baina guzti honetaz gain, Benito Lertxundik 2006ko Euskararen Nazioarteko Egunerako espresuki konposatutako kantu bat egin zuen.