Euskonews Gaztea
Gaiak: Literaturarekin, errealitatetik ihesi
Kolaboratzailea
Txikitatik izan ditut liburuak esku artean. Aurrenekoek ez zuten testurik izaten, baina marrazki ederrez zeuden osatuta. Ondoren etorri ziren hizki handiz idatzitakoak. Oraindik ez nekien letrak interpretatzen, baina beti zegoen norbait prest irudiei ahotsa jartzeko. Egia esan behar baldin badut, batzuk beste batzuk baino hobeto moldatzen ziren horretan...
Behin irakurtzen jakin eta nire kabuz fantasia munduan murgiltzeari ekiten nion. Ederra zen lehenengo istorioak nik neuk topatzea. Askotan ez ziren euskarazkoak izaten, gaztelaniazko idaztiak iristen baitziren nire eskuetara. Baina horrek ez ninduen kikiltzen, eta aurrera egiten nuen orri interesgarrien bilaketan. Iñaki Zubeldiaren Euskaldun bat Marten izango zen akaso irakurri nuen lehen liburu “luzea”. Eta bikaina iruditu zitzaidan.
Hala ere esan behar dut, geroz eta euskarazko liburu gehiago aurki ditzakegula. Eta poztekoa da. Adin guztiei zuzendutako nobelak eta olerkiak, zailtasun maila ezberdinekoak, hiztegiaren laguntzarekin edo gabe irakurtzekoak... Eta kalitateari dagokionez, eta merkatuan denetarik dagoen arren, asko dira errealitatetik urrundu eta orri bat bestearen atzetik irakurtzera bultzatzen gaituztenak; ia atsedenik gabe tirada batean irakurri nahiko zenituzkeen liburuak izaten dira normalean.
Baina askotan iristen da adin bat non liburuak alde batera uzten diren eta beste mota batzuetako entretenimenduetara jotzen dugun. Normalean nerabezaroan ematen dira horrelako joerak. Gogoratzen dut ikastolara joaten nintzenean urtero lauzpabost liburu irakurri behar izaten genituela; eta horietariko asko, aurrez zehaztutako liburuak izaten ziren. Metodologia okerra, nire iritziz.
Izan ere, gazteongan irakurzaletasuna sustatu nahi izanez gero, ikaslearekin negoziaketa minimo bat egon behar litzatekeela uste dut. Bestela, nahitaez irentsi beharreko literatura hori trabatu egin daiteke inolako erakargarritasunik izan ezean, eta ondorio bezala, literaturatik aldendu gaitezke. Halaxe izan zen nire kasuan urte batzuez. Baina zorionez, itzulerarako bidea aurkitu nuen, eta gaur egun, fantasia eta irudimenezko munduan murgiltzea zoragarria dela deritzot. Horrela, bizi nahiko nituen esperientziak edo inoiz buruz buru aurkitu nahi ez nituzkeen pertsonaiekin bat egin dezaket; beraien azalean sartu edota beraiengandik aldendu ziztu bizian...
Ahal delarik, telebistari kasu gutxiago eginez eta bideojokoetatik urrunduz. Gaur egungo ohitura bilakatzen ari diren horiek neurri apalean erabili eta tradizio zaharragoetara joz. Gure burmuinarentzat osasuntsuagoa dela, zalantzarik ez. Eta euskal literatura osasun onean dagoenez, sendabidea eskura dugu.
