415 Zenbakia 2007-11-09 / 2007-11-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Igor Yebra

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: dantza.com eta danza.es webgunetik hartuak



Salto eta itzulipurdiek famatu egin dute nazioartean Igor Yebra. Bilbon jaio zen 1974ko abuztuaren 1ean. Hala ere, bizkaitar honek denbora gutxi egiten du bere sorlekuan, duen lanbideak bizitokiz aldatzera bultzatzen baitu.

Hamahiru urte zituela hasi zen dantza egiten. Victor Ullaterren dantza eskola eta Madrilgo Dantza Kontserbatorioa izan ditu prestakuntza toki. Ikasle bikaina izan zen eta horren erakusgarri da ohorezko matrikula eskuratu zuela Kontserbatorioan. Madrilgo Erkidegoko Baletean lehen dantzaria izateko aukera izan zuen 1987tik 1996.urtera arte.

Gainera, 1989. urtean Frantziako hiriburuan ospatutako Eurovision Dantza saioa irabazteak nazioartean bere izena ezagunago egin zuen; 1996.urtean berriro ere irabazi zuen lehiaketa bizkaitarrak. Kasu horretan, San Petersburgora (Errusia) joan behar izan zuen norgehiagokan aritzeko.

Urte hartan bertan ekin zion bakarkako ibilbideari Igorrek. Esan liteke dantzari autonomo gisa aritu zela. Hori dela eta, hainbat tokitako dantza taldeetan ikusi ahal izan dugu Yebra: Kremlineko baleta edo Australiako Ballet-en bere tokia izan du, adibidez. Italian ere ezaguna da, 2000.urtean Italian aritutako dantzari hoberena izendatu baitzuten. Eta Bordelen, aldiz, bertako Operako Balet taldeko gonbidatua izatetik, 2007an dantzari izar izatera iritsi da. Dantzak eskatzen duen lan gogorra ondo egin duen seinale, ezbairik gabe.

Igor Yebraren azken lana Arrupe musikalean aritzea izango da; 2007ko azaroaren 12an Bilboko Euskalduna Jauregian taularatuko da ikuskizuna. Arrupe Jesuitaren omenezko espektakulua Gontzal Mendibilek zuzenduta dago eta Igor Yebrarekin batera besteak, beste, Donostiako Orfeoia edo Oreka TX txalaparta taldea arituko dira taula gainean.