Euskonews Gaztea
Gaiak: Zer eta noiz? Nafarroa Oinezen!
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen aritu direnek ez dute huts egin. Zazpi gune atondu dituzte Viana inguratzen duen zirkuituan zehar eta horietan, hamaika ekimenez gozatzeko parada egongo da.
Ibilbide osoan zehar musika, ikuskizunak eta jan-edanak egongo dira, besteak beste. Gainera, publiko desberdinei zuzendutakoak izateaz gain, modu aktiboan edo pasiboan esku hartu ahal izango dugu horietan. Era aktiboan, esaterako, seigarren gunean. Bertan, rokodromoa eta haur jolasak aurkitu ahalko dira, adibidez. Cesar Borgia
Bitxikeri bezala, pertsonaia historiko honen izena darama gune batek. Bertan, erakusketak jarriko dituzte eta baita falkoneria edo zetreria ikuskizuna eskaini ere. Mendeetako ohitura hau, belatzekin ehizatzean datza eta arte hori gerturatuko dute, beraz, igandean Vianara. Musika nagusi
Hala ere, musika nagusi izango dugu sei kilometro luze duen ibilbidean. Gune guztietan egongo da kontzerturen bat edo beste, eta gainera, belarriek askotariko doinuez gozatuko dute. Vianako Besterik Gabe taldea, aurtengo abestiaren egileak.
Hirugarren gunea gazteei zuzendutakoa izango da eta bertan rock eta ska doinuak entzun ahalko dira. Goizeko 10:30etan hasita Izana, Banda Batxoki, Des–Kontrol, Las Moskas Tronpeteras eta Trapatoni taldeak igoko dira eszenatokira. Eguna amaitzeko, aldiz, Dan DJ arituko da, 17:30etatik aurrera.
Bosgarrenean ere musika izango da nagusi, baina barietate handiagoa izango dute bertan. Hala, Ereintza abesbatza, Trikizioren folka, Idi Bihotz, Une eta Besterik Gabe taldeen rocka nagusituko da Ioar deituriko gunean. Gainera, azken hauek izan dira aurtengo Nafarroa Oinezeko kantua prestatu dutenak. Aurtengo kanta
Jon Kadarsok egin ditu hitzak eta Besterik Gabe arduratu da musikaz; Giltza Daukagu jarri diote izena. Txalaparta doinuekin hasten da eta martxaz beteriko abestian trikitia eta rock doinuak nahasten dira. Ikastolako lagunek ere jarri dute beraien ahotsa eta egun berezian zehar makina bat aldiz entzun ahalko den abestia dugu.
Hemen duzu abestia entzuteko aukera.
Hemen duzu egitaraua ikusteko aukera.