412 Zenbakia 2007-10-19 / 2007-10-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Pobreziari aurre eginez

ELIZONDO, Amaia



Ikasketak aurrera ateratzea, lagunekin ateratzea, ondo pasatzea, kontzertuak, familia... horiexek dira gazteen arteko ardura garrantzitsuenak egun. Baina askok badute beste kezka bat buruan: munduan dagoen pobrezia.

Izan ere, Euskal Herrian txirotasuna ez da gertutik ikusten, ez egunero behintzat. Gazte gehienek jatekoa izaten dute, eta azpiegitura aldetik, Euskal Herrian ez dago arazo handiegirik. Gazteak arduratzen dituen pobrezia beste lurraldeetan nabarmentzen da orokorrean.

Urtero, gazte askok boluntario izatea erabakitzen dute. Afrikan, Hegoamerikan edota Asiako lurraldeetan urik ere ez duten leku ugari daude. Beste toki askotan eskolak, ospitaleak eta etxeak falta dira. Hala, Euskal Herrian hainbat egitasmo daude martxan herrialde horiei laguntzeko. Bide horretan Eusko Jaurlaritzak hirurehun gazte boluntario bidaltzen ditu gutxi gorabehera urtero hainbat proiektu aurrera atera ditzaten. Horien artean, emakumeei laguntzea, umeei eskolak ematea edota eraikin berriak egitea dira helburu nagusiak.

Gazte boluntarioak joaten diren toki askotan, lurrikarak eta urakanak utzitako hondamendiak nabarmenak izaten dira. Dagoeneko pobrezia agerian dagoen herrietan, horrelako hondamendiak gertatuz gero, oraindik okerragoa da egoera. Horrez gain, Europan ikasketak ez dituzten gazteen portzentaia ez da oso altua. Lurralde azpigaratuetan, aldiz, gazteek ez dute ia ikasteko aukerarik izaten. Laguntza emateko beste bide bat: GKEak

Gazte askok Gobernuz Kanpoko Erakundeetan (GKE) parte hartzen dute Euskal Herrian beste herrialdeei laguntzeko helburuarekin. Hala, erakunde horietan proiektu batzuei aurre egitea izaten da asmo nagusia. Azken finean, talde bat osatzen dute proiektu bat aurrera ateratzeko. Hori bai, dirua irabazteko inongo asmorik gabe lan egiten dute. Jasotzen duten diru guztia proiektu horiek bideratzeko izango da.

Jendea kontzientziatzeko, berriz, hitzaldiak, festak edota bideo emanaldiak antolatzen dituzte, orokorrean, GKEtako kideek. GKE bakoitzak herrialde bateko egoera lantzen du gehienetan. Esaterako, Euskal Herriko GKE zabalduenen artean hurrengoak daude: Hirugarren Mundua eta Bakea deiturikoa, larrialdi egoerei aurre egiteko egitasmoak prestatzen dituzte. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian dituzte elkarteak.

Beste GKE batzuen artean, Mugarik Gabe edota Alboan taldeak daude. Lehenengoak emakume indigenen egoera hobetzeko proiektuak lantzen ditu, eta bigarrenean, herrialde azpigaratuetako hezkuntza bultzatzeko pausoak ematen dituzte. Guztien helburua, pertsona behartuei laguntzea da. Umeak apadrinatzea

Pobreziari aurre egiteko beste bide bat ere erabiltzen dute gazteek: umeak apadrinatzea. Hilero diru baten truke, herrialde pobre bateko ume bati laguntzen zaio. Dirua ematen duenak umearen hainbat datu jakiten ditu, eta hainbat argazki izaten ditu. Emandako diru horrekin umeak jateko eta ikasteko aukera eduki dezan bermatzen da. Bide horretatik milioika haurri irribarrea ateratzen laguntzen da egunero. Asko ez bada ere, laguntza pila bat eskertzen dute.