412 Zenbakia 2007-10-19 / 2007-10-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nik ere egin nahiko nuke...

IRIGOIEN, Haizea



Sarritan badirudi, gazteon zeregina gizartean ikastera mugatu behar dela. Egia da, gazteak gara eta asko dugu oraindik ikasteko, baina ez dugu horretara soilik mugatu behar. Maiz, badirudi zaila dela zerbait proposatzea eta aurrera ateratzea, zaila dela bururatu zaigun ideia edo proiektu bat norbaitek kontutan hartzea eta aurrera eramatea. Egia da asko dugula oraindik ikasteko eta urteek ematen duten esperientzia altxor bat dela; baina egia da, era berean, eroriz ikasten dela ibiltzen eta agian, eginez ere badugula ikasteko aukera eta ekarpenik egiteko aukera.

Eskolara eta unibertsitatera joan eta entzun, irakurri, ikasi. Hauxe al da gure eginbehar bakarra?

Orain badugu proposatzeko, garatzeko eta ekiteko aukera. Eusko Ikaskuntzak gazteontzat gune berria jarri du abian eta zuen parte hartzea dugu arrakastaren baldintza nagusi. Zuen ahotsa nahitaezkoa da, zuen lankidetza behar dugu eta ideia gutxi batzuk abian jartzeko asmoa badugu ere, zuen ekimenek dute hemen garrantzia.

Gure helburua gazteentzat gune bat sortzea da, zuentzat toki bat egin eta zuen parte hartzeaz aberastea. Gazteen ahotsa nahitaezkoa da; esan iezaguzue zer duzuen gogoko, zer egin nahiko zenukete edota zer sumatzen duzuen faltan.. Guzti honetarako gaude irekiak, eta lan lerro berri hau, zuen ekarpenekin joango gara zehazten eta aberasten, horregatik eskatzen dizuegu laguntza, nahitaezkoak baitzarete abian jartzen dugun bide berri honetan.

Eusko Ikaskuntzan bat egiten dugu Euskal Herriaren maitaleok, zientzia eta kulturarekiko konpromisoa azaltzen dugunok eta kolore anitzetakoak gara. Aniztasuna dugu ezaugarri eta elkarrekiko errespetua eta elkarrizketa ditugu balore. Berrikuntza eta aurrerapena jomuga, betiere euskara, gure hizkuntza, babestuz.

Printzipio hauek kontutan izanda, EI Gazte!–k gazteen elkargune izan nahi du, kultura, zientzia, elkar ezagutza eta gizarte partaidetza bultzatzen duen gunea.

Argi dugu gainera, gure kultura eta zientzia biziko badira, gazteria dela zutabe nagusi eta gurekin nahi zaituztegu etorkizuna eraikiz. Ba al duzu beraz proiekturen bat buruan bueltaka? Edota agian, gazte talde batetako partaide zara eta ideiak barra-barra izan arren, ez duzue inoiz behar duzuen laguntzarik edo bultzadarik topatu?

Horretarako sortu dugu Eusko Ikaskuntzan talde berri hau, zuek ere zuen aukera izan dezazuen. Horregatik gure nahia zuen ahotsa entzutea da, eta zuekin batera EI Gazte! berri bat eraikitzea. Agian zuek eta zure adiskideok antzerkia duzue laket baina ez duzue zuen lanak taularatzeko aukerarik. Edota agian zinema gogoko izanik, zure proiektu txikia egin nahiko zenuke. Edota zergatik ez, agian jardunaldi batzuk antolatzea gustatuko litzaizuke baina ez duzu ezagutza edota ausardiarik, edota irratsaio bat egitea gustatuko litzaizuke...

Hauxe da, beraz, gazte zaretenontzat, Euskal Herriaren maitaleontzat eta hainbat proiektu eta ekimen garatzeko gogoa duzuenontzat, zuen aukera eta plataforma berria. Zatozte, beldurrik gabe, ateak irekiak izango dituzue eta zuek guztiak entzuteko irrikan gaude. Ea bada denon artean zerbait sortzeko aukera dugun, ez? Jar zaitezte gurekin harremanetan gazteria@eusko-ikaskuntza.org helbidera idatziz.