410 Zenbakia 2007-10-05 / 2007-10-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Irakaslea naiz eta harro nago!

ALTUNA UGARTE, Lierni



Filosofia karrera amaitu, eta jakintza itzela jaso ostean, lan mundu korapilatsurako prest omen nengoen. CAP izeneko titulu bat lortu nuen irakasle izateko. Titulu hori eskuratzeko dirua jarri eta Madrilera buelta pare bat egin behar izan nituen. Ikasi? Pixka bat irakurri eta kito.

Irakaskuntzan ordezkapenak egiteko nire arloko zerrendak ireki zirenean, Hezkuntza sailera joan eta bertako funtzionarioen “laguntzarekin” behar diren paperak bete eta titulua, E.G.A, medikuak osasuntsu zaudela ziurtatzen duen agiri bat, NANaren fotokopia eta beste dokumentu batzuk eraman nituen. Eta CAPa? Etxean dago hautsa hartzen. Momentu hartan burokrazia eta nire arteko harreman txarra hasi zen ofizialki.

Hezkuntza Sailekoen deiaren zain egon behar izan nuen. Esan daiteke zortea izan nuela, hilabete gutxi batzuk bakarrik egon bainintzen lista horietan apuntatuta eta iraila bukaeran deitu nindutelako hiru hilabetetarako ordezkapen bat egiteko; hasteko ez dago gaizki. Ondoren konturatu nintzen zorte hori oso erlatiboa zela. Izan ere, klaseak A ereduan, hots, gazteleraz eman behar izan nituen. Ordura arte uste nuen gaztelaniaz oso ongi nekiela, baina konturatu nintzen akademikoki hizkuntza horretan nire maila oso eskasa zela. Hala, nire buruari galdetu nion: “Zergatik ez digute gaztelerako maila minimo bat dugunaren ziurtagiri bat eskatzen?” Euskararentzako E.G.A daukagu, eta gazteleraz oso ongi dakigula suposatzen al da ala? Hori izan zen Hezkuntza sistema honen inguruan sortu zitzaidan erantzunik gabeko lehen galdera, eta gaur egun mordoxka bat ditut pilatuta nire buru honetan.

Lehenengo ordezkapenean gazteleraz gain latina ere ikasi behar izan nuen Zergatik? Ordezkatzen nuen irakasleak filosofiaz aparte latina ere ematen zuelako. Berez, ikasi duzunaren arabera ikasgai konkretu batzuk eman ditzakezu, baina kasu askotan beste ikasgai batzuk irakatsi behar izaten dituzte.

Etxean ikasita, beste irakasleei galdetuz, eta azken finean umorearekin ikasi nuen gaztelera eta latina, baina orduan hasi nintzen gauzarik garrantzitsuena ikasten, irakasten alegia. Eta oraindik hor nabil, saiatzen naiz, baina asko falta zait ikasteko, eta suposatzen dut lanbide honetan, beste askotan bezala, etengabe ikasi beharko dugula irakasten. Izan ere gizartea etengabe eraldatzen dabil eta pertsonak oso ezberdinak dira.

Onartzen dut irakasleen opor eta soldatak oso onak direla. Baina hezkuntza sistema honetan irakaslea izatea oso gogorra da. Besteak beste, filosofia ikasi nuen arren, latin, euskara, geografia, gaztelania, musikaren historia, eta baita ere ekonomia irakatsi behar izan ditudalako. Badirudi gainera, gaur egun eskolak duela ume eta gazteen heziketaren ardura eta ideia horrek diziplina arazoak bakarrik ekartzen ditu; hezkuntza etxetik hasita, denon ardura da.

Lanbide guztietan bezala badaude irakasle arduragabeak paso egin eta beraien lana gaizki egiten dutenak. Baina beste asko oso irakasle onak dira eta gogor lan egiten ahalegintzen direnak, nahiz beti gauzak ongi ez irten.

Orain arte gustatzen zait irakaskuntzak duen dinamismoa, eta argi daukat, batez ere irakasle batek, ilusioz hartu behar duela bere lana eta gustatu egin behar zaiola bere lanbidea. Bestela erreta eta desesperatuta bukatuko du.

Horregatik ez daukat oso argi nire bizitzako lanbidea izango den hau edo ez. Momentuz hala da asko ematen didalako, asko ikasten nabilelako eta egunero erronka bat delako, ez baita bat ere monotonoa. Baina energia asko kentzen duen ardura da, eta beraz, aurrerago ez nuke baztertuko lanbidez aldatzea. Irakasle ona izaten dena ez baita bizi jende guztiak pentsatzen duen bezain ondo, ezta gutxiago ere.