Euskonews Gaztea
Gaiak: Ikuskizun ugari Kilometroetan
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Argi daukagu lelopean Aranzadi ikastolakoak Kilometroak jaiaren ibilbidea prestatzen ibili dira azken hilabeteetan. Sei kilometro luze dituen zirkuitu laua eta erosoa aurkituko du igandean hurbiltzen den jendeak. Bertan, Bergarako alde zaharra eta bertako altxor arkitektonikoak zeharkatu eta gainera, auzo eta natur zonaldeetan ibiltzeko aukera ere izango dute. Guztira, sei gune antolatu dituzte eta guztietan ekitaldi ugari egongo dira egun osoan zehar. Egitaraua handitzeko klikatu argazkia. Musikaz beteriko guneak
Lehenengoa Aranzadi Ikastolan bertan egongo da. Batez ere, umeentzako ekitaldiak egongo dira, etxeko txikienek ere ondo pasa dezaten. Horrez gain, sarrera nagusia bertan egongo da, eta ikastolako instalazioak ere ikusi ahalko dira barrutik. Usondon, bigarren gunean, hainbat kontzertu egongo dira. 14:00etan, Anje Duhalderen emanaldia ikusi ahal izango dute hurbiltzen direnek. 15:30ean, berriz, Pantxoa eta Peio izango dira taula gainean. Azkenik, 17:00etan, Tapia eta Leturiak dantzarako jai giroa jarriko dute. Trikitixaren doinuekin gazte zein helduak gorputza mugitzera animatuko dituzte.
Beste guneetan ere ez da musikarik faltako. Izan ere, hirugarren gunean, Artabilan, goizetik izango dira kontzertuak. 11:30ean, Pettiren kantaldia egongo da, eta 13:00ean, berriz, Mulanbo taldearen batukada ibiliko da batetik bestera. Beraz, erritmo biziko doinuek hartuko dute lekua. GOSE taldea. Argazkia: Ramon Osinaga.
Hurrengo gunean, Labegaraietan, musika mota ezberdinetako kontzertuak antolatu dituzte. Emanaldiei hasiera emateko, SKT Sekuentzia taldearen rock doinuak entzungai izango dira, 12:30ean. Eguerdian, aldiz, Gose taldearen emanaldia hasiko da. Bazkal ostean, Kauta talde gaztearen kantuak entzungo dira. Gune horretan gazte ugari bilduko dira, askok kontzertuak ikusteko aukera aprobetxatzen baitute. Kontzertuekin amaitzeko, 17:00etan, EH Sukarra taldearen txanda izango da. Urte ugari daramatzate musikaren munduan, eta kantu berriak eta zaharragoak uztartuko dituzte.
Beste askok azken guneko, Espoloiako kontzertua ikusteko irrikan izango dira. Bertan, 15:30ean, Anariren kantaldia egongo da. Guztientzako aukerak
Kontzertuak ikustea hain gogoko ez duenak beste ekitaldi batzuk ikusteko aukera ere izango du. Ikastolako gunean, esaterako, 11:00etan, Abarka dantza taldearen ikuskizuna egongo da. Horrez gain, ibilbidean zehar jateko eta edateko tokiak prestatu dituzte. Haurrentzako jokoak eta eskulanak egiteko tailerrak aurkitu ahalko dira baita ere.
Kilometroak 07ko antolakuntza taldearen arabera, ondo pasatzeko aukera ziurtatuta dago. Hainbeste hilabeteetan jaia prestatzen ibili ostean, jendeak egun polita igaro dezala da beraien nahia. Argi dute euskararen alde egingo dutela, eta beraz igandean 10:30ean ekingo diote ibilbideari. Gainera, jende guztia animatzen dute bertan parte hartzera.