Euskonews Gaztea
Gaiak: Hegoamerikatik barrena (II)
(Lehenengo atalean, Itziar eta bere lagunak Brasilen utzi genituen euskaldun baten etxean). Perito Moreno glaziarra, Calafate ondoan.
Rio de Janeiron geundela, Argentinara bueltatzea erabaki genuen. Herrialde handi hau ezagutzeko denbora eta dirua genuen eta lasai-lasai autobusez bidaiatzea pentsatu genuen. Hegoalderantz joan ginen kostaldetik. Viedman (Patagonia hasierako herria) eta Puerto Madryn pasatu eta Ushuaiaraino jaitsi ginen. Udazkena zen, dena kolore gorriz, laranjaz, marroiz eta horiz zegoen jantzita eta baso ikaragarriak daude. Glaziarrak, ardiz betetako lautadak, mendiak, ibaiak, hondartzak... ikuskizun paregabea! Pare bat ibilbide egin genituen kostaldean zegoen baso batetik Munduaren Azken Muturreko Faroraino. Han laku batzuetan glaziarrak gertutik ikusteko aukera eduki genuen.
Suaren Lurraldea (Tierra del fuego) deituriko uhartean gure bidaiak derrigor iparralderako norabidea hartu zuen eta oraingoan mendebaldetik ekin genion berriro bidaiari. Chiletik pasatu ginen Patagonia aldera. Lautada ikaragarria pasa ondoren bat-batean mendi izugarri batzuk agertu ziren gure begien aurrean. Horrek mendiak ikusteko gogo gehiago sortu zigun eta ondorioz Calafatera joatea erabaki genuen eta hemendik El Chaltenera, Patagonia erdi-erdira. Tierra del Fuego, Ushuaia.
Makina bat aukera daude ibilbide ezberdinak egiteko; edozein mendizaleren paradisua dela esan dezaket. Ziur inoiz inork zapaldu ez dituen hamaika leku daudela bertan. Mendiak atzean utzi eta El Bolson izan zen hurrengo geltokia. Bertan lagun euskaldun bati bisita egin eta herri hippy hau ezagutzeko aukera eduki genuen. Mendi, ibai, baso eta lakuz inguratuta eta artisautzaz bizi den herrixka honek maitemindu egin gintuen. Astebetez geratu ginen Aconcagua parke naturala ezagutzeko ideia izan genuen arte, bai behintzat bertako mendi altuena urrutitik ikusteko.
Ia 5 hilabete pasa zen Hegoamerikatako gure abentura hasi zenetik eta diruz estu xamar genbiltzanez iparraldera alde egitea pentsatu genuen, bertako bizimodua merkeagoa baita. Bertan jendearen ohitura, kultura tradizionalak, sinesmenak, erlijioak... txunditu gintuen. Esate baterako, kardoiek -kaktus mota bat- arbasoak sinbolizatzen dituzte; Ama lurra gizakiaren aurretik dago eta otoi egiten diote. Pobrezia nonahi ikus daiteke baina aldi berean jendea hunkigarria da eta beraien bizitza kalitatea, emateko duten maitasunean eta adiskide on kopurutan neurtzen dute. Puente de Inca, zubi natural bat Aconcagua parke naturalean.
Poliki-poliki egin genuen aurrera eta Bolibiaraino heldu ginen. Villazon herrian arratsalde bat eman genuen; arropa merke erosteko izan genuen. Ondoren, Buenos Airesera joateko ordua iritsi zitzaigun.
Bidaiatzea ere nekagarria da eta etxera bueltatzeko garaia zela igarri genuen. Buenos Airesetik hegazkina hartu baino lehen Paraguaytik pasa ginen bidai osoan buruan eduki genituen lagunak agurtzeko. Hiriburura heldu eta haiekin bildu eta pena handiaz agurtu ginen.
Baina ez ginen bat-batean itzuli Arrasatera. Izan ere, etxera bueltatu izana asimilatzeko Buenos Airesen ezagututako Gironako lagun baten etxera joan ginen hilabetez. Tortella herri hippyan gure buruak prestatu genituen errutinara bueltatu eta lanean hasteko. Zein gogorra egin zitzaigun itzulera!