410 Zenbakia 2007-10-05 / 2007-10-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aritz Aranburu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Zarautz, 1985. Aritz Aranburu Azpiazu jaio zeneko data. Gaur egun Euskal Herriko surf ordezkari garrantzitsuenetarikoa dugu. Bere herrian tradizioz egin den kirolera gazte gerturatu zen Aritz. Izan ere, zazpi urte zituen lehenengoz ohol batera igo zenean. Lau urte eta gero, 1996.urtean hasten da lehiaketetan parte hartzen; gainera, urte hartan bertan Euskal Herriko Surf Federazioko kide egin zen. Argazkia: Aranbururen webgunetik hartuta.

Hamaika garaipenen jabe da Aranburu gaztea eta horiek lortzeko Euskal Herritik kanpo ere lehiatu da. Surflari onenekin olatuak hartu ditu eta hala, toki eta kultura desberdinak ezagutzeko aukera eskaini dio kirol modalitate honek.

Hamalau urte besterik ez zituela, hots, 1999.urtean lortu zuen lehenengo postua Frantzian, World Grommets Titles delakoan. Urtebete beranduago Afrika aldera bidaiatu zuen. Han, Namibia eta Hegoafrikan lehiatu zen Europako Federazioarekin. Lehenengo eta bigarren postuetan ipini zen.

Hori izan zen zarauztarraren hasiera. Urte guzti hauetan makina bat olatu hartu ditu eta azken hilabeteotan bere izenaren oihartzuna geroz eta ozenagoa da.

Aurten txapelketa ugaritan esku hartu du Aritzek. Etxean, hau da, Zarautz Pro Surf txapelketan irabazlea izan zen iraila hasieran. Ondoren Hossegorren (Biarritz) ospatutako txapelketan, baina, bigarren kanporaketan kaleratu zuen Andy Ironsek. Hala ere, maila bikaina erakutsi zuen.

Momentu honetan urriaren 1etik 14ra Mundakan ospatzen ari den Billabong Pro 2007 txapelketan parte hartzen dihardu.

Adituen esanetan maila paregabea erakusten du esku hartzen duen sariketa guztietan Aranburuk eta horrela jarraituta euskal surflarien artean ez ezik, mundu mailako erreferente izatera irits daiteke.