41 Zenbakia 1999-07-09 / 1999-07-16

Gaiak

Euskaltzaindia gaur

GOENAGA, Patxi

Euskaltzaindia gaur Euskaltzaindia gaur * Patxi Goenaga Euskaltzaindiaren betebeharrak. Euskaltzaindiaren helburu nagusiak euskararen gramatika legeak ikertzea, lexikoa barne, eta literatur hizkera batua gauzatzea dira, alde batetik, eta hizkuntzaren erabilera bultzatzea eta euskaldunen hizkuntza eskubideak zaintzea, bestetik. Bata Euskaltzaindiaren Iker sailaren ardura da. Bestea, Jagon sailarena. Euskaltzaindia zenbaiten ustez motelegi doa. Beste zenbaiten iritziz, arautu behar ez direnak ere arautzen ari da. Jende askok, berriz, dio Euskaltzaindia arau gehiegi ari dela aldatzen. Argi dago hartu beharreko erabakiak ezin direla, maiz, zirt zart hartu: datuak bilatu behar dira, erabakigai baten aldeko eta kontrako argudioak behar bezala neurtu ... Ongi hartutako erabakiak denbora eskatzen du. Egia da, hala ere, Euskaltzaindiak baliabide gehiago izango balitu, zenbait gauza arinago egingo lituzkeela. Arautzen den guztia arautu beharrik ba ote da? Egiatan literatur hizkuntza batu bat taxutu nahi bada, arautu beharra dago. Hirugarren "salaketa" dela eta, argi esan behar da Euskaltzaindiak oso gai gutxitan aldatu duela bere iritzia. Besterik da euskara batutzat eta Euskaltzaindiaren arautzat "saldutako" zenbait ideia eta iritzi zuzentzera baldin badator noizpait Euskaltzaindia. Adibidez, paisaia ala paisaje behar duen oraintsu arte ez da erabaki. Nekez esan daiteke, hortaz, Euskaltzaindiak araua aldatu duela, oraintsu arte ez baitu ezer esan. Euskaltzaindiak batasungintzan eman duen urrats nagusia 1968an eman zuen Arantzazun. Han markatu ziren geroko ildoak. Mitxelenak 1978an honako gogoeta hau egin zuen: "Arantzazukoez eta ondorengoez oroitzen naizenean, gogoan barrena sumatzen dudana poza da eta ez damua. Inolazko damurik nabaitzen ez dudala esango baldin banu, ez nuke gezurrik esango. Euskaltzaindiak hartu zuen noraezean hartu behar zuen erabakia, artean mila arrazoi edo atxakia zirela medio (lotsa gaiztoa, zeresanen beldurra, bake itxurak gorde nahia bakerik ezzen lekuan…) hartu ez zuena. Erabakirik onena hartu zuen Euskal Herriari, euskaldun guztiak minduko bazituen ere, aspaldixko zor ziona: batasun bidetik, gerotik gerora ibili gabe, gogotik eta deliberatuki abiatzea" (K. Mitxelena, "Arantzazutik Bergarara", Sobre Historia de la Lengua Vasca, 985 orr.). Zertan da gaur Euskaltzaindia? Euskaltzaindia ikerketan ari da, hiztegigintzan, gramatikan, onomastikan, dialektologian… Bestalde, hizkuntzaren batasunerako bideak aztertzen ere ari da. Ikerketa eta azterketa lan hau batzordeen bidez egiten du Euskaltzaindiak. Araugintzan ere ari da Akademia. Lan hau bere hileroko bilkuretan egiten da batez ere. Baina ikerketaz eta araugintzaz gainera, euskaldunon hizkuntza eskubideak zaintzea ere berea du Euskaltzaindiak, erabiltzen den hizkuntzaren kalitatea zaintzea bezala. Eginbehar horietan biltzen da Euskaltzaindiaren jarduna. Lexikoaren arloko lanak. Une honetan bi dira Akademia lexikografia alorrean garatzen ari den egitasmoak: Orotariko Euskal Hiztegia eta Hiztegi Batua. Orotariko Euskal Hiztegiaren helburua euskararen korpus tradizionala biltzea da. Aldi eta alde guztietako altxor lexikoa biltzea eta sistematizatzea. Ez da hiztegi arauemailea, baina biltzen ditu beharrezko diren datu geografiko eta historikoak, eta autore desberdinen balorazioa egiten du horrela behar bezala oinarritu ahal izateko literatur tradizio desberdinak. Ez da hiztegi etimologiko bat ere, zenbait hitzen jatorriari buruzko xehetasunak jasotzen dituen arren, batez ere kasu eztabaidagarriak direnean edo hitzaren historia osatzeko behar diren kate mailak ongi oinarrituak direnean. Orain arte hamaika liburuki argitaratu dira eta beste bost daude iragarriak. Hiztegi honen oinarrian dagoen materialak (300 bat liburu, 40.000 orrialde) testu mota desberdinak biltzen ditu, era orekatu batean. Obra honen garrantzia euskal lexikografiarako eta euskal ikasketetarako, begien bistakoa da. Mitxelenak hasi eta Sarasolak jarraitzen duen proiektu hau momentu honetan Euskaltzaindiakeskuartean dituenetarik handiena eta garrantzitsuena dela esan daiteke. Hiztegi Batua, oraingoz, batasunerako eskaintzen den hitz zerrenda bat da. Hau bai, hau hiztegi arauemailea dugu. Ohiko hiztegiaren batasun premiari erantzun nahi dio. Oraingoz, hitz zerrenda soila da, definiziorik gabea, nahiz eta zenbaitetan adiera azaltzen den eta adibide batzuk ere ematen diren. Helburua hitz bakoitzaren forma eta erabilera finkatzea da. Lan hau ere garrantzi handikotzat dauka Euskaltzaindiak euskararen batasunari begira. Bi corpus handitan oinarritzen da hiztegi hau, batetik OEH ren corpusa eta bestetik EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa). Azken hau UZEI ren laguntzarekin gauzatu da eta 1900 1996 bitarteko testu argitaratuen lagin batek osatua da. Bi corpus hauetan oinarriturik, lehenbiziko fase batean 20.000 hitzeko zerrenda bat eskaini nahi du Euskaltzaindiak, corpusean maizenik agertzen diren hitzez osatua. Zerrenda hau da, behar bezala banatua eta zatikatua, euskaltzainek hileroko bilkuretan aztertzen eta apurka apurka erabakitzen dutena. Une honetan P letran dabil hiztegi hau eta asmoa, 1999aren azkenerako taxutua izatea da. Bigarren fase batean beste zerrenda bat landuko da, beste horrenbeste hitzekin. Euskal gramatikaren azterketa. Hiztegia garrantzizkoa bada, ez da gutxiago gramatika. Gramatika batzordea 1980az geroztik ari da lanean. Orain arte lau liburuki kaleratu ditu Euskal Gramatika. Lehen Urratsak izenburuarekin. Bosgarrenak mendeko zenbait perpausen (erlatiboak, osagarriak, konparatiboak eta ondoriozkoak) azterketa zabala eskainiko du eta laster izango da kalean. Gramatika honen helburua euskarak dituen baliabideak aztertzea eta jendearen esku jartzea da. OEH ko corpusaren gainean egiten da lan. Handik atereak dira adibiderik gehienak. "Lehen Urrats" hauek, orotara, zazpi liburuki izango dituzte. Beraz, oraindik beste lauzpabost urte beharko ditu Gramatika batzordeak lan hau burutzeko. Oraingoz, ez du arauemaile izan nahi, baina noizpait EuskaltzaindiarenGramatika izango denaren oinarria da. Euskararen Atlasa. Lehen begiratuan pentsa litekeenaren kontra, lan honek ez du eragin zuzenik hizkuntza estandarra finkatzeko orduan, kasu bakan batzuetan ez bada. Atlas honek Euskal Herrian zehar 145 puntutan egindako galdeketak (ia 3.000 galdera, gehienak lexikoari eta morfologiari buruzkoak) biltzen ditu. Jasotako informazioa behar bezala aztertu eta antolatu ondoren, mapetan biltzen dira erantzunak. Liburuki bakoitzak 300 bat mapa jasoko ditu, mapa bat galdera bakoitzeko. Aurten ikusiko du argia lehenbiziko liburukiak. Inprimakiaz gainera, jakina, CD ROMetan ere emango da material guztia. Onomastika. Kontuan izanik euskarak ofizialtasunik ez duela oraintsu arte izan, garrantzi handikoa gertatzen da euskararen normalizaziorako leku izenak finkatzea. Horrela ulertu du, gainera, Euskaltzaintzaindiak. Onomastika lan ugari eskaini ditu eta oraindik ere eskainiko ditu. Jadanik arautuak daude bertako hainbat izen eta baita exonimo ugari ere. Hain zuzen, EUDEL ekin ere sinatu berri du hitzarmen bat, Euskal Erkidego Autonomoko leku izenak aztertzeko eta finkatzeko. Jagon sailaren eginkziunak. Euskaltzaindiak gero albora utzi dituen hainbat betebehar hartu izan ditu bere gain: bertsolari txapelketak, euskara tituluak eta abar. Alde horretatik, inguruari egokitzeko gaitasuna izan duela ezin uka. Hizkuntza eskubideen zaintzea dela eta ere, bere laurogei urteetan zehar testuinguru desberdinetan bizitzea egokitu zaio: duela berrogei urte euskaldunak zituen aukerak eta orain dituenak ez dira berdinak. Berdinak ez diren bezala gaur Hegoaldean eta Iparraldean, edo Nafarroan eta Autonomia Erkidegoan. Aldatuz joan dira, hortaz, Euskaltzaindiaren eginbeharrak alde batean eta bestean, aldi batean eta bestean. Premiak berdinak ez direnez, Euskaltzaindia erne egon da eta dago nor zer behar den, sortzetik ezarriak dituen xedeei men eginez: "Euskararen enplegua aitzinatzea eta hizkuntzaren eskubideak zaintzea". Hau, jakina, hizkuntzaren estatusaridagokionez. Baina Jagon sailak oso bere du, bestalde, hizkuntzaren erabilera hedatzea eta erabiltzen den hizkuntzaren kalitatea hobetzen saiatzea ere. Hain zuzen, gero eta gehiago dira Euskaltzaindira ate joka datozenak (itzultzaile, teknikari, idazle, …) irizpide bila. Erantzun egokia berehala ematea ez da erraza. Euskaltzaindiak, hala ere, erantzun nahi lioke eta behar den azpiegitura jartzen saiatuko da gaur gizarteak eskatzen duenari aurre egiteko. Informatizatze plana onartua du Euskaltzaindiak eta horrek bide emango dio ez bakarrik ikerlanetan emankortasun handiagoa izateko, baita Euskaltzaindiaren eta euskaldunen artean ere komunikazio bizkorragoa, zuzenagoa eta funtzionalagoa lortzeko ere. Laster edonork jo ahalko du Euskaltzaindiaren WEB gunera eta han behar duen informazioa bilduko du. Aldi berriek bide eta metodo berriak eskatzen dituzte. Patxi Goenaga, Euskaltzaindiko idazkaria