
Artisautza
Julieta Gasca. Zaharberritzea: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Zaharberritu beharreko pieza bakoitza arretaz aztertu behar da, eta modu berezian landu. Baina oro har, honetan datza zaharberritze prozesua:
1.- Pieza aztertu. Pieza ikertu, eta landu aurretik, txostena egin. Piezaren argazkiak jaso, eta ondoren, pieza landu ostean ateratakoekin alderatu. 2.- Kanpoko hautsa kendu. 3.- Beharrezkoa bada, pieza arreta handiz desmuntatu, eta oharrak jaso, ondoren berdin muntatzeko. 4.- Pieza bakoitzari xilofagoen kontrako tratamendua eman behar zaio, kaltetuta dagoela argi ikusten bada. Hala ere, batzuetan, prebenitzeko egiten da tratamendu hori. Zaharberritu baino lehen. Xilofagoen aurkako hainbat tratamendu daude: Batetik, “vacsolizazioa” delakoa. Lehenengo objektua “hustu” egin behar da, eta ondoren, Vacsol izeneko produktuan sartu. Beste aukera bat tenperatura baxuetan uztea da. Hau da, xilofagoa ez da produktu kimikoez deuseztatzen, pieza oso tenperatura baxuetan utzita baizik. Azkenik, argon izeneko gas geldoa aplikatu dakioke. Zurezko egiturak, habeak eta halakoak tratatzeko, presiopean produktu bat injektatzen zaio piezari, zurean aurrez egindako zenbait zulotatik. Horietako urratsen bat egin ostean, eskulangilearen txanda heltzen da. Izan ere, azaleko hautsa kentzea izan ezik, aipaturiko tratamenduak enpresa espezializatuek egiten dituzte. 5.- Pieza doratua baldin bada, lehenengo urrea asentatu egin behar da. Horretarako, ur eta alkohol nahaste bat injektatzen da lehenbizi, poroak zabaltzeko, eta ondoren, kola injektatzen da, altxatutako eremuak itsasteko. Horretarako, ur bainuan berotu behar da kola, etengabe. Lehen fasean hori egiten ez bada, urrezko pieza txiki asko galtzen dira objektua mugitzean. 6.- Altxatutako aldea finkatu ostean, parasitoen produktua injektatzeko egindako zuloak estali behar dira. Horretarako, xilofagoen kontrako produktuez trataturiko pago hoditxoak erabiltzen dira. 7.- Ondoren, ondo garbitu behar da pieza. 8.- “Untxi kolaz" (untxi larrua egosiz lortzen da) eta kare sulfatoz osaturiko nahasteaz iztukatu behar da pieza. Hainbat eskualdi ematen zaizkio normalean. Ondoren, lixatu egin behar da, lau, leun eta ongi berdinduta gera dadin. 9.- Jarraian, Frantziatik ekarritako “Armenia bola” izeneko buztin berezia zabaldu behar da piezan, eta eman aurretik, “arrain kolaz” disolbatu. Ongi gera dadin, gutxienez hiru eskualdi ematea komeni da. 10.- Agata harriaz leundu. 11.- Gero, urre xafla, normalean Alemaniatik edo Italiatik ekarritakoa, ematen zaio piezari. Aurretik baina, landutako zatia pixka bat busti behar da. Kola duenez, erraz itsatsiko da urre xafla. Pintzel berezi batez zabaldu behar da urre xafla: hain zuzen ere, urre xafla kojinetetik piezara eramateko erabilitakoaz. Pintzel horri “polonesa” edo “pelenesa” esaten zaio. Zaharberrituta.
Urre xafla behar dugun tamainan mozteko erabiltzen den “erreminta” euskarria da kojinetea.
12.- Berriro ere agataz leundu behar da pieza.
Urre ona bada, ez zaio elementu edo berniz babesgarririk eman behar. Ona ez bada, ordea, aleazioa da, eta komeni da argizari eskualdi bat ematea. Are hobea da berniz mikro-kristalino geruza bat ematea, erdoildu ez dadin.
Pieza doratua izan beharrean altzari bat bada, lehenengo bi urratsak berdinak izango dira, baina gero, objektua desugertu egin behar da, berniz zaharra kentzeko.
Egituran edo tailuan nahiz marketerian zurezko piezaren bat jarri behar bada, garbitu aurretik egin behar da hori.
Ondoren, iztukatu egin behar da, hau da, xilofagoek egindako zulo guztiak, arrakala txikiak, itxi. Handitxoak badira, “txuletak” izeneko zurezko piezak sartuko dira arrakaletan.
Hori egin ostean, altzaria leunduta (izkutuak lixatuta), argizaria edo berniza eman behar zaio, normalean “purtzupilaz”. Oso prozesu motela da, artilezko eta harizko birabarki batez, laka gomaz eta apar harri hautsaz eta eskuez, hainbat orduz, “purtzupilaz” zirkuluak egin behar baitira altzari osoan, eta azkenean, zuraren zerrendaren norabidean amaitu.
13.- Pieza zaharberritu ostean, azken txostena egin eta amaitutako piezari argazkiak atera behar zaizkio.
Espezialistek askotariko erremintak erabiltzen dituzte horretarako: finak eta delikatuak batzuk (agata harriak, pintzelak eta brotxa finak, esaterako); gogorragoak beste batzuk (mailua, zurmailua, lixak eta beste hainbat). Horra zer dioen Julietak bere lanbideaz: “Lan hau ezin da azkar eta presaka egin. Pazientzia handia behar da eta batzuetan, argitasuna ere bai, zaharberritzailea bera lanaren emaitzaz pozik geratzeko”.
