409 Zenbakia 2007-09-28 / 2007-10-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Eliza zirko bilakatzen denean

AZKARZABAL, Luxio



Nire arrebaren adiskide bat neskatila eder batez erditu da. Zorione izenarekin erregistratu dute epaitegian. Elizako pontetik igaroko ote diren zehaztu ez didaten arren, ezezkotan nago, estatistikei eta logikari begira bederen. Zorioneren gurasoak ezkondu zirenean ere uko egin zioten elizaren bedeinkazioari. Beraz, logikoki ez lukete Zorionerentzat aita-ama pontekorik bilatu beharko. Estatistiken arabera, bestalde, portzentaje txikia dira katolikotasunaren aginduei jarraitzen dieten euskal gazteak.

Hala ere, ez da lehen aldiz izango elizarako bidea aspaldi galdu zuen bikote gazte batek bere ezkontzarako aurkitu egiten duela, aurrekari ezartzeko balio gabe. Denok ezagutzen ditugu antzezpen moduko ezkontza horietako baterako prest agertu diren bikotekideak. Gurasoengatik egiten dutela diote, nahigaberik izan ez dezaten. Disgustua? Nork? Gurasoak? Nik ez dut uste arrazoiketa horrek balio duenik, gure gurasoak aspaldi txertatu baitziren seme-alabok eliza katolikoarekiko erakusten dugun atxikimendu epelaren aurka. Eurek ere jaitsi baitzuten minimoetara, beren aita-amengandik ikasitako bideko joan etorrien kopurua. Eta ez zaie ezer gertatu.

Sarritan geure gurasoei leporatu dizkiegun kontraesanetan erortzen ari gara gu ere, gazte izateak adierazten duen status quo-aren kontrako mobilizazioa ahaztu izan bagenu bezala. Horregatik iruditzen zaizkit zirko hutsa goian aipatu elizaren bitarteko zeremonia horiek. Baina gazteen jokabidea ez ezik elizarena ere arbuiagarria iruditzen zait, inora eramaten ez duten espektakuluetarako txartelak banatzen ai direla uste baitut. Zer irabazten du elizak funtsik gabeko ezkontza (bataio, hileta elizkizun eta abar) horiek eratzearekin? Areago, esango nuke ez direla eredugarriak ezta katolikoentzat eurentzat ere.