409 Zenbakia 2007-09-28 / 2007-10-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Edu Muruamendiaraz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Dantza munduan murgildu behar gara Edu Muruamendiaraz Gallastegi nor den ezagutzeko. 1964ko irailaren 16an Bergaran sortu zen gizon ekintzailea dugu Edu. Zazpi urterekin Moises Azpiazu maisu zuela hasi zen dantza egiten eta gaur egun erreferente dugu euskal dantzak modernizatzeko egin dituen lanengatik.

Bere lehenengo txapelketa 1978. urtean irabazi zuen, eta bide horri eutsi zion Gipuzkoako txapelketa, aurresku sariketa edota dantza askeko lehiaketetan txapelak jantziz.

Urteak igaro ahala aukera izan du afizio horretatik bizitzeko eta azken urteotan euskal dantza tradizionalak berritzen dihardu. Bere hitzetan, baina, tradizionalei eutsiz, ez baitu horiek galtzerik nahi. Edu erdian, Aukeraneko kideekin batera.

Horrela sortu zuen Aukeran dantza konpainia 1997.urtean. Euskal dantzetan esperimentatzeko xedea izan da bere ildo nagusia eta gaur arte horrela jarraitu du. Berrikuntzetarako, baina, baleteko eskolak hartu dituzte konpainiako kideek Mentxu Medelen eskutik 1998.urtetik. Zergatik? Dantza klasikoa oinarri garrantzitsua baita edozein dantza mota garatu ahal izateko.

Hainbat lan zuzendu ditu Edu Muruamendiarazek Aukeranekin. 2001.urtean Sutargi izeneko ikuskizuna taularatu zuten, sustrai euskalduneko obra garaikidea. 2003an berriz, Izena duen guztia omen da aurkeztu zuen konpainiak. 2006.urtean hirugarren ikuskizun bati utzi zioten tokia: Bideak.

Euskal Herriko herri askotan aritu da bere lanak aurkezten, baina gure mugetatik kanpo ere egin behar izan du lan Muruamendiarazek. Esaterako, Manilan (Filipinak) egin zuen dantza 2004.urtean. Bestalde, Katalunian oso ondo hartu dituzte bere ikuskizunak eta estatu espainiarrean Gaztela Mantxa eta Murtzian egon da, esaterako.