Euskonews Gaztea
Gaiak: Hegoamerikatik barrena (I)
Hasiera batean Brasilera izan behar zen gure bidaia. Azkenean baina, Buenos Airesen hasi genuen 2005eko abenduaren 14an eta bukaera gabekoa zirudien abentura zazpi hilabete beranduago amaitu genuen, Gironan uztailaren 17an.
Hiru lagunok (Larraitz, Leire eta hirurok) batera hasi genuen bidaia. Travel Clubera deitu eta hegaldi merkeena Argentinara zela esan ziguten. Hara joatea erabaki genuen behin Atlantiko beste aldean egonda Brasilera heltzea errazago egingo zitzaigulakoan. Baina Buenos Aires zapaldu eta bertako egun eta gauek liluratu gintuzten; beti dago zer egin. Jende eta kultura aniztasunak gustuko giroa aurkitzea ekarri zuen eta inoiz lo hartzen ez duen hiri horrek bere sarean harrapatu gintuen. Baina lehertuta geunden alderik alde horrenbeste ibiltzeaz eta handik joatea erabaki genuen, gure buru eta gorputzek pixka bat atseden har zezaten.
Uruguay aldera joatea gomendatu zigun lagun batek. Itsasontzia hartu eta bertara iritsi ginenean kostaldeko edozein herritara joan nahi genuela eta autobusa hartu genuen. Helmugara iritsi eta astebeterako etxe bat bilatu genuen, La Paloman, eta bertan pasatu genituen Gabonak. Herrialdeko kostaldea ezagutzeko aukera izan genuen. Arrantzale etxolaz beteta eta turismora pixkanaka–pixkanaka sartzen ari diren herriak daudela ikusi genuen, batzuk beste batzuk baino hippyagoak izan arren.
Montevideon eman genuen azkeneko eguna; Buenos Aires tamaina txikian zela iruditu zitzaigun. Eta berriz ere Argentinara joan ginen, astebete hiriburuan eman eta iparraldera autobusean bidaiatzea erabaki genuen arte, Paraguayrantz hain zuzen ere. Autobusa bidaiatzeko modu oso ona zela iruditu zitzaigun, hegazkinean bezala azafatak, burukoak, mantak, ura, tea eta kafea noiz nahi genituen eskura eta zoriak hala nahi izanez gero, baita jateko zerbait ere. Encarnaciónen egindako lagunekin. Argazkia: Itziar Rosado.
Iguazura joatea erabaki eta hala egin genuen. Encarnación herrira ematen zuen zubi internazionala pasatzen ari ginela, bertan bizi zen brasildar bat ezagutu eta bere etxera gonbidatu gintuen. Gau baterako geratzea erabaki genuen enbarazu ez egiteko, baina azkenean hiru astez geratu ginen bertan eta bere familia eta lagunak ezagutzeko parada eduki genuen horrela. Ura justu–justu zuen etxola batean geratu ginen lotan. Lurra gorria den herrialde hartan primerako lagunak egin genituen, bizitza guztirako diren lagunak hain zuzen ere. Baina alde egin behar izan genuen handik eta gure bideari ekin genion berriro.
Iguazu ur–jauziak genituen gogoan eta harako bidea egin ondoren, Argentinako aldetik begiratu genuen ikuskizun paregabea. Liluratuta, hurrengo egunean Brasilera joan eta herrialde hartatik begiratu genuen Iguazu. Bertan egonda, Brasilgo kostaldera joan ginen gure belarriek horrenbeste aldiz entzundako hondartzak zapaltzera. Ikusgarriak dira: hondar leun eta argia, kokondoek sortutako itzalak eta ur berde–urdin gardena. Bertan ibili eta ibili zintezke eta inorekin topo ez egin. Baina beraiekin hitz egin eta euren bizitzan murgiltzea aukera oso interesgarria izan daiteke. Eta halaxe egin genuen guk ere.
Mendebaldeko den herrixka bateko lagun bat egin eta bisitan Sidrolandiara joan ginen, bere etxean hamar egunez hartu gintuen neska gazte batekin. Oso gustura egon ginen, jendearen izaerak harrapatu egiten zaitu. Bertako lur zingiratsua ikusteko aprobetxatu genuen, ur garden eta hegazti ezberdinez hornitutako lakuz betetako tokia.
Inauteri garaia ere heldu zen eta nola ez, ondoan genuen Rio de Janeirora joatea ezinbestekoa zela pentsatu genuen. Beti bezala autobusean bidaiatu genuen. Sanbodromoa ere zapaltzeko aukera izan genuen, desfilatzen zuten karroza harrigarri haiek ikusteko parada izanez. Zenbat jende! zenbat karroza! zenbat kolore!, zenbat musika!! Hiria ezagutzeko ere denbora eduki genuen, Corcovado, Ipanema eta Copacabana hondartzak, alde zaharra, favelak, azokak...
Rio de Janeiron ere, barrualdean bizi den famili batekin egotea egokitu zitzaigun, senar euskalduna duen brasildar batekin, seme bakarra dute eta beraiekin egon ginen astebetez. Kostaldean turismoak ekonomia hobetzea lortzen du baina barrualdean gauzak ez dira hain errazak, eta pobrezia asko dago.
Oraindik bidaia amaitzeko hamaika abentura geratzen zitzaigun. Hori, baina, hurrengo atal baterako utziko dut.