406 Zenbakia 2007-09-07 / 2007-09-14

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Argitxu Camus Etchecopar. Historia ikaslea: Renon familia, lagunak eta mendi berdeak igartzen ditut faltan

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Kasinoen hirian, Renon, bizi da gaur egun Argitxu. Baina ez zen jokatzera joan bertara, doktoretza egitera baizik, eta horretan dihardu. Desertuan bizita Euskal Herriko berdetasuna faltan igartzen duela aitortu digu. Hala, itzultzeko asmoa duela dio behin bere tesia bukatuta. Bitartean, AEBtan jarraituko du, bertako egonaldiarekin bere bizitza ahalik eta gehien aberasten.

Non jaio zinen eta noiz?

1980ko abenduaren 30ean jaio nintzen, Donapauleko klinikan (Baxe Nafarroan), baina Xiberoan bizi, Onize Pea deitutako herrixka batean.

Zer ikasi zenuen ? Non?

Xalbador Kolegioan eta Bernat Etxepare Lizeoan ikasketa orokorrak egin, eta batxilergoa gaindituta 1998. urtean, Historiako ikasketak egin nituen Paueko Unibertsitatean, Master lehen urtera arte. Master bigarren urtea Gasteizen egin nuen. Gasteizetik Estatu Batuetara hegaldatu nintzen 2004an, Renora (Nevada estatuan), Renoko Unibertsitateko Euskal Ikergunean (Center for Basque Studies) nire tesiaren egiteko, eta beti Renon nabil.

Euskal Herrian eta kanpoan ere bizi izan zara. Zer eman dio horrek zure bizitzari?

Bidaiatzeak gauza anitz ekarri dizkit. Irekidura bat ekarri didala erranen nuke. Baina ber denboran argi dut nongoa naizen eta Euskal Herrira itzuliko naizela. Nevadako Unibertsitateko liburutegian aurkitzen da Euskal Ikergunea. Argazkia: Z.V.M.

Urrats handia izango zen zuretzat Zuberoatik irten eta beste toki batera joatea, ezta?

Egia esan, ez hainbeste. Hamar urte nituenetik etxetik kanpo nabil, euskaraz ikasketen segitzeko barnetegi batean nintzelako astelehenetik ostiralera. Lehenik Kanbon eta gero Baionan. Eta gero pixkanaka-pixkanaka urrunduz joan naiz, Baionatik Pauera, eta Gasteizera, eta orain Estatu Batuetara.

Orain Renon zaude. Zer egiten duzu bertan?

Nire tesiaren egiten ari naiz, Estatu Batuetako euskaldunak ditut ikertzen, han sortu dituzten euskal elkarteri eta horien nortasunaren bilakaerari interesatuz. Euskal Ikergunearentzat lanean ari naiz ere bai, 20 bat oren astean, hango erakasleen laguntzen.

Euskal Herrian ere ezagun da Center for Basque Studies. Azalduko al zeniguke zer den?

1967an sortu zen euskal ikergune bat da. Sei irakaslek, idazkari batek eta argitalpen arduradun batek osatzen dute. Irakasleek euskal munduarekin lotutako gaiak ikertzen dituzte, izan dadin euskal literatura, historia, antropologia, diaspora ikerketak. Renoko unibertsitateko ikasleri klaseak ere eskaintzen dituzte, euskal gaiak denak. Ikergune horri esker, euskal gaiei lotutako liburuak ingelesez argitaratzen dira.

Renoko unibertsitateko liburutegiak, bere baitan, euskal liburutegi bat badu eta anitz dira Renoko euskal liburutegira Euskal Herritik heldu diren ikerlariak. Ipar Amerikako euskal erakundeei buruz argitaratu berri duen libururuaren azala.

Liburu bat ere argitaratu berri duzu.

The North American Basque Organizations (NABO) erakundeaz da liburua, 2007ko uztailean aterata, Eusko Jaurlaritzak argitaratua Urazandi bildumaren parte. Urazandi bilduma honek 20 lan biltzen ditu, denak Diasporako Euskaldunei buruz.

NABO 1973.urtean sortu zen Estatu Batuetan, eta gaur egun 38 euskal elkarte biltzen ditu. Liburu honetan, besteak beste, Estatu Batuetako euskaldunen nortasunaren analisia bat egiten dut, bai eta ere euskal elkarteen barnean ikusten diren genero harremanak ikertzen ditut.

Hizkuntza ugari menperatzen dituzu. Zeintzuk?

Euskara, Frantsesa, Espainola eta Ingelesa.

Eta zein da ikastea gehien kostatu zaizuna? Eta gehien atsegin duzuna?

Euskara eta Frantsesa ama hizkuntzak ditut. Ingelesaren ikastea gehiago kostatu zait Espainola baino. Baina Euskara da gehien atsegin dudana.

Emakumeak ardatz izan dituzu sarritan. Nola azalduko zenuke euskal emakumeen garapena Amerikako Estatu Batuetan?

Emakume immigranteek bilakaera ezberdin bat ukan dute horien Estatu Batuetako bizi lekuaren arabera. New York aldera immigratu zutenak adibidez, maiz lanean ari ziren. Mendebaldera joaten zirenak aldiz, sarri, artzain batekin ezkonduak ziren, hiritik kanpo bizi ziren eta etxean egoten ziren, haurren hezteko. Mendebaldean bizi zirenek ez zuten ingelesa errazki ikasten ahal, eta haien senarrengan (eta batzuetan haien haurrengan) menpekoak ziren horren ondorioz.

Nola ikusten da Euskal Herria urrutitik?

Nik uste dut Euskal Herria idealizatzen dela.

Diasporako jende askok euskaldun izatea folklorearekin lotzen du. Halaxe al da edo zerbait gehiago suposatzen du euskal izaerak?

Egia da Amerikako Estatu Batuetako euskaldunek folkloreari inportantzia handia ematen diotela: euskal dantzak ikastea, pilotan jolastea, euskal festibaletara joatea... Baina han eta hemen ikusten dira indar batzuk eginak direla hizkuntzaren berpizteko, adibidez.

Zer egin nahiko zenuke etorkizunean?

Unibertsitate batean ikerlari eta irakasle izan.

Zer egiten duzu Renon dibertitzeko?

Salsa dantzatzen, mendira joaten.

Zer da kanpoan zaudenean faltan gehien igartzen duzuna?

Familia, lagunak eta mendi berdeak (Reno desertuan baitago).

Motzean:

Musika talde gogoko bat: Queen Liburu bat: Atxagaren Gizona bere Bakardadean Dantzatzeko musika mota gogokoena: Euskalduna Mendia ala hondartza? Mendia Hiria edo Zuberoako lasaitasuna? Lasaitasuna Argitxu Camus Etchecopar (Donapaule, 1980) Donapaulen jaio baina Oinaze Pea izeneko herrixkakoa da Argitxu. Hala ere, etxetik kanpo denbora dexente darama, ikasketak direla eta. Hainbat tokitan egon da Historia ikasten, Pau eta Gasteizen kasu. Gaur egun aldiz, bere tesia egiten dihardu Amerikako Estatu Batuetako Reno hirian, Nevadako estatuan. Bertako Euskal Ikergunearentzat ere lan egiten du gazte ziberotar honek.