405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteak eta hizkera

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gure aitona-amonak gazte zirenean eta gaur egun gauzak ez direla berdinak argi dago. Euskarak toki desberdina zuen gizartean orduantxe. Diktadura garaiak ere euskara pattaldu egin zuen, eta toki askotan debekatuta zegoen gure hizkuntzaren erabilera. Hala, gazte askok erdaraz bizi izan zuten beraien gaztaroa gehien bat. Baina euskaltzale batzuen lanari esker berpizte bidean jarri zen euskara. Gaur egun oztopo desberdinak daude erabilpenaren inguruan. Askok ez dute hizkuntza ikasten, beste batzuek jakin arren ez dute erabiltzen eta beste asko euskaraz bizi dira eguneko ordurik gehienetan.

Gazte hizkeraren inguruan hitz egiterakoan, berriz, esparru zabal batean murgiltzen gara. Hizkuntza guztietan gertatzen den bezalaxe, Euskal Herrian ere fenomeno hori ematen ari da eta tokian tokiko gazteak modu berezi batean hizketan hasi dira.

Desberdin hitz egiten da Euskal Herriko toki batetik bestera joaten bagara, hau da, geografikoki lekuz aldatu eta herriz aldatzen badugu, probintziaz... Ez dugu berdin esango, “ohera joateko ordua da” Iparraldean edo Bizkaian, esaterako. Euskalkiak aldatzen dira eta aldi berean berbetak moldatu.

Bestalde, euskal gazteen hizkerari buruz hitz egiterakoan ezin da mota bakarrari buruz hitz egin, asko eta asko baitaude gure gizartean. Soziolinguista desberdinak bat agertzen dira fenomeno honen heterogenotasunaz, eta baita hizkera mota hauek nahasiak direla esatean ere. Hizkera nahasia

Zergatik da baina gazte hizkera nahaspilatua? Sarritan euskara eta gaztelania tartekatzen direlako diote hori batez ere. Edo ingelesezko hitzak sartzen direlako; hau fenomeno berriagoa dela esan genezake. Baina ez da beste hizkuntza batzuk sartzen dituztelako soilik, kontuan hartu beharrekoa da baita ere euskalkiak nahasten joaten direla, batua... Eta horrek kezkak sortzen ditu. Ongi hitz egiten al dute gaur egungo gazteek?

Hizkuntzalariek diotenez, beraien hizkera propioa sortzeko beharra ikusten dute gazteek. Euskaraz edozer gauza esan daitekeen arren, ez da guztia esaten eta beste modu batzuk bilatu behar dituzte.

Kike Amonarriz soziolinguistari behin baino gehiagotan entzun diogu horri buruzko aipamena egiten. Eta maitasun kontuekin lotuta dagoen adibide bat jartzen du: “Gazte batek ligatzeko orduan maiteminez biziki atsegin zatzaizkit esaten badu, ostikoa jasoko du ziurrenik”. Eta beste bide bat bilatu beharko luke beraz bere sentimenduak adierazteko. Modu formaletik ihesi bilatzen du gazteak irtenbidea, hamaika moduren aukeran bat hartu eta erabiliko duelarik.

Hala, adierazpen modu gisa uler genezake gazte hizkera. Baina tentuz ibili behar da. Arrazoi horrek ez du esan nahi-eta ongi esaten denik esan nahi dena. Batuan egiten den bezalaxe, edo euskalkiak erabiltzerakoan gertatzen den bezalaxe, hutsak egiten dira. Eta arautu gabeko hizkera izatean arrisku handiagoa dago horretan erortzeko.