404 Zenbakia 2007-07-20 / 2007-07-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Baztandarren festa handia

ELIZONDO, Amaia



Baztandarren urteko jairik handiena datorren igandean (Uztailak 22) ospatuko dute Elizondon (Nafarroa) goizetik hasita. Urtero bezala, jai giroa nagusi izango da herriko karriketan. Izan ere, Baztan bailarako hamabost herriak elkartuko dira Baztandarren Biltzarrean. Festa honek ez du data finkorik izaten. Urtero Santiago egunaren aurreko igandean egiten dute. Ikuskizuna eta festa giro bikaina behintzat ez dira faltako. Aspaldiko Baztandarren Biltzarra Elizondon. Argazkia: Bernardo Estornes Lasa. 1963tik egiten den jaia

1963an egin zen lehen aldiz Baztandarren Biltzarra Elizondon. Ordutik geroz eta jende gehiago hurbiltzen da urtero festa ospatzera. Eguneko ekitaldirik ikusgarrienetakoa goizean egiten den desfilea da. Bertan, inguruko herrietako jendeak eginiko karrozak ikus daitezke. Urtero orga dotoreak ekartzen dituzte Elizondoko kaleetara. Igandean 11:30etik aurrera karroza guztiak ikusteko aukera izango da. Orgetan, Baztango ohiturak, istorioak eta errebindikazioak agertu ohi dira, baina orgez gain, desfilean, hainbat eskualdetako dantzariak, txistulariak eta soinujoleak joaten dira.

Desfilearen ostean Mutil-dantza egiten da Udaletxeko plazan. Gizonek bakarrik dantzatzen dute eta gero eta dantzari gehiago aritzen dira melodiak aurrera egin ahala. Dantzariek amaitzen dutenean, herri bazkaria izaten da Merkatu plazan. Hamabost herrietako biztanle ugari biltzen dira bertan. Gainera, bazkal ostean musikari txanda eskaintzen zaio, erromeri giroan ibiltzeko. Musikarekin batera bertsolariak ere hantxe egongo dira festa alaitzen.

Arratsaldean orgen desfilearen txapelketako sariak banatzen dituzte. Asko ekitaldi horren zai egoten dira. Izan ere, hainbatek ordu asko eman dituzte karrozak prestatzen eta saria norentzat izango den jakiteko irrikan izaten dira. Urtero orga ikusgarriak sortzen dituzte parte hartzaileek. Artisautza ikusgai

Horrez gain, egun osoan zehar artisautza eta bertako produktuak ikusteko eta erosteko postuak jartzen dira. Baztan bailarako produktuak dastatzeko parada izaten da, baita erosteko ere. Artisau objektuez gain, opilak, pastelak, gazta eta bestelako produktuak hurbiletik lortu ahalko dira. Eguneko azken ekitaldia dantzaldia izango da, iluntzean, Foruen enparantzan.

Bestalde, Baztandarren Biltzarra berezia da arrazoi nagusi batengatik: herritarrek antolatutako festa da. Duela urte batzuetatik lan taldeak osatu zituzten eta talde bakoitzak ardura ezberdinak ditu. Hala, denen artean errazagoa da jaia aurrera ateratzea. Baztandarrentzat egun handia izaten da igandekoa. Iaz, jendearen parte hartzea handitu ezean festa egiteko arriskua zegoela adierazi zuten antolatzaileek. Egoera horren aurrean, herritarrak laguntzeko prest azaldu ziren. Aurten ere Baztandarren Biltzarra jaiak indar handia du. Iaz 15.000 pertsona inguru hurbildu ziren festaz gozatzera.