403 Zenbakia 2007-07-13 / 2007-07-20
‘Hamaika gara’ diskoa aurkezten ibili zarete azken hilabeteetan. Nola joan da?
Diskoa azaroan atera genuen eta hilabete batzuetan abesti berriak aurkezten ibili gara. Euskal Herrian, Katalunian eta Alemanian egin genituen lehen aurkezpenak eta harrera ona izan dugu. Horrez gain, Galizian eta Madrilen ere aurkezpen kontzertuak eskaini ditugu hainbat aretotan. Argazkia: Betagarriko webgunetik hartua.
Gustura zaudete diskoaren emaitzarekin?
Bai, oso pozik geratu gara azken lanarekin. Soinu aldetik aurrekoen antzekoa da, eta konposizioari dagokionez abesti guztiak lokalean egiten joan gara.
Ska doinuak jotzen jarraitzen duzue?
Taldea sortu genuenetik ska eta rock doinuak landu ditugu. Gure ibilbidean estilo berdina mantentzen saiatu gara. Gainera, entzulearen fideltasuna ere aipatu beharra dago. Izan ere, entzuleei esker gure taldeak oreka mantendu du eta musikatik bizitzeko aukera eman digute.
Zeintzuk dira zuen helburuak orain?
Gure helburu nagusia kontzertuak eskaintzea da. Askotan diskoak ateratzen dituzu jotzen jarraitzeko, eta guk jendaurrean jotzeko gogo bizia dugu. Izan ere, diskoak objektu moduan ez du balio handirik. Egun, diskoen salmentak jaitsi egin dira. Baina balio handi bat ere badu diskoak: milaka lagunek zure doinuak entzuteko parada ematen du. Gainera, disko bat kaleratzen duzunean, komunikabideetan gehiago azaltzea lortzen duzu. Argazkia: Betagarri.
Uda honetan kontzertu ugari emateko asmoa al duzue?
Kontzertuak emateko asmoa beti dago taldean, baina ez da hain erraza izaten. Guk zortea izan dugu eta aukera dugu batetik bestera ibiltzeko. Bestalde, talde bezala gure baldintzak ditugu kontzertuak ematerakoan, baina eskuragarriak gara. Momentuz udan kontzertu ugari emango ditugu, aste guztietan kontzertuak eskainiko baititugu. Hurrengo astean esaterako, Katalunian joko dugu Acampada Jove jaialdian.
Hamaika kide taula gainean, ikuskizuna ere izango da zuen kontzertuetan.
Eszenatokian dena ematen dugu. Kontzertua hasten denetik taldearen eta ikuslearen arteko komunikazioa bultzatzen saiatzen gara. Zuzenekoak oso garrantzitsuak dira guretzat.
Euskaraz abesteak kontzertuak mugatzen ditu?
Orokorrean ez. Euskal Herrian jotzeaz gain, gu Europan jotzen saiatzen gara. Aurkezpenak egiterakoan Alemaniara eta Suitzara behin baino gehiagotan joan gara. Gainera, bertako publikoa oso esker onekoa da. Aurten Japonian eta Amerikako Estatu Batuetan jotzeko aukera izan dugu eta aurrerantzean, nazioartean jarraitu nahiko genuke. Azken diskoko azala.
Hamalau urte taldea sortu zenutenetik, nolako oroitzapenak dituzue?
Hasieratik lan asko egin dugu orain gauden tokira iristeko. Jendeak askotan zorte kontua dela uste du, baina gu ez gaude hain ziur. Alde batetik zortea eduki dugula esan dezakegu. Izan ere, talde askok ez dute hainbeste urtetan jotzeko aukerarik. Baina guk hasieratik lan asko egin dugu musikatik bizi ahal izateko. Guri inork ez digu ezer oparitu. Nik uste dut hasieratik taldekide guztiok proiektuan erabat sinetsi dugula eta horren emaitza dela orain bizi dugun egoera.
Zein izan da zuen lorpenik handiena?
Urte horietan guztietan merkatuan mantentzea ez da lan erraza eta guk lortu dugu hor egotea. Euskaraz abesten dugun taldeen artean, zaharrenetakoak gara. Egun, talde gutxi daude Euskal Herrian ibilbide luze dutenak.
Zein asmo duzue etorkizunerako?
Ahalik eta kontzertu gehien eskaintzeko asmoa dugu. Ez dugu Euskal Herrira mugatu nahi eta kanpora atera nahiko genuke. Aurten, Argentinara eta Txilera joango gara eta esperientzia horiek onak izaten dira taldearentzat. Kanpoan ibiltzeak freskotasuna ematen dio taldeari.
Betagarrik asko du emateko oraindik?
Betagarrik bizi handia du momentu honetan, eta bi urteren tartean beste disko bat atera nahiko genuke. Lehen egunean bezala mundu honetan jarraitzeko gogo bizia dugu taldean. Iñaki Ortiz de Villalba (Gasteiz) Iñaki Betagarri taldeko ahotsa da eta hastapenetik, hau da, duela hamalau urtetatik dihardu bertan abesten. Munduan zehar bidaiatu du taldearekin batera ska eta rock doinuak jendeari helarazten. Aurpegi ezaguna askorentzat telebistan agertzen delako, Kalaka saioan dihardu-eta bere iritzia ematen.