402 Zenbakia 2007-07-06 / 2007-07-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Badatoz San Ferminak!

ELIZONDO, Amaia

Tete Montoliu kataluniarra omenduko dute Jazz zikloan.

Askorentzat uda San Fermin jaiekin batera hasten da. Eguraldi ona, oporrak eta festak daude gazte gehienen buruetan. Beste urte batez, iritsi dira San Ferminak! Gaur emango diote hasiera festari txupinazoarekin eta hurrengo larunbata bitartean, jaia eta parranda nagusi izango da Iruñeko kaleetan. Bederatzi egun jaiaz gozatzeko, ondo pasatzeko eta hainbat ekitalditan parte hartzeko. Iruñera hurbiltzen diren guztiek jai giroan ibiltzeko aukera izango dute. Musika nagusi

Egunero makina bat ekitaldi egongo dira hiriburuko plaza eta kale ezberdinetan. Goizean goiz, zezenen entzierroak eskaintzen duen ikuskizunak jende askoren arreta pizten jarraituko du aurten ere. Dena dela, egun guztietan musikak tarte zabala izango du. Izan ere, Iruñeko Barricada taldeak 25 urte bete ditu. Ibilbide horren arrakasta ospatzeko gaur Foruen plazan joko dute. Kontzertuan jende ugari bilduko da, eta antolatzaileen esanetan, San Ferminetako ekitaldirik berezienetakoa izango da. 25 urteetan grabatu dituzten diskoetako abesti esanguratsuenak joko dituzte.

Dena dela, larunbata bitartean talde ugarik joko dute gauero. Musika estilo guztiak entzuteko aukera izango da. Esaterako, aurten ospatzen den X. Jazz zikloa kontzertuz beteta dator. Tete Montoliu musikaria omenduko dute, eta hala, kontzertu berezi bat prestatu dute antolatzaileek. Asteartean, Chucho Valdes eta Javier Colina jazz musikarien emanaldia entzun ahalko da Foruen plazan. Entzierroko une bat. Argazkia: Iruñeko Udala.

Asteburuan Euskal Herriko gazte asko hurbilduko dira Iruñera. Festa giroa ez da faltako. Gainera, Alde Zaharreko kaleetan giro bikaina izaten da egun osoan. Kalejirek giro alaia ezartzen dute goiz goizetik. Asteburu pasa joateko plan polita izan daiteke, baita astean zehar ere egunen batean joateko. Hori bai, ez ahaztu zapi gorria lepoan jartzea! Beste aukera bat: Lesakako San Ferminak

Iruñeko San Fermin jaiak mundu guztian ezagunak badira ere, euskaldun askok nahiago dituzte Lesakako (Nafarroa) San Fermin festak. Iruñean bezala, jaiak gaur hasiko dira eguerdiko 12:00etan. Asteartea bitartean, ekitaldi ugari prestatu dituzte antolatzaileek. Geroz eta jende gehiago animatzen da Lesakara joatera, batez ere, giro herrikoiagoa gustuko dutenak.

Herri kirolek eta dantza emanaldiek jende andana biltzen dute urtero. Ezpata dantza ikuskizunak herritar asko biltzen du, herriko gazteek parte hartzen baitute. Bestalde, Euskal Herriko beste tokietako gazte askok kanpina hartu eta asteburu pasa egiten dute Lesakan. Herritik nahiko hurbil dago kanpina eta oinez joateko arazorik ez da izaten.

Batean ala bestean, San Fermin jaiak ospetsuak dira munduko txoko guztietan. Iruñean, esaterako, beste herrialdeetako gazte ugari etortzen dira, zezenen entzierroak ikusteagatik batez ere. Giro bikaina bietan izaten da, beraz, orain aukera egitea besterik ez da geratzen!