Euskonews Gaztea
Gaiak: Abenturak trenez: Singapurretik Arabara
FONTANEDA ELGUEA, Jaizki RODRIGUEZ, Susana
Testua eta argazkiak
Jaizki Fontaneda eta Susana Rodriguez gasteiztarrek zazpi hilabete eman zituzten Singapurretik etxerako bidea egiten. Horretarako, garraiobide berezia erabili zuten: trena; milaka bizipenen testigu. Gasteiz - Singapur
Hegazkinez 16 ordu; hots, afari bat, gosari bat, bi film eta loaldi labur bat
Gasteizen goiz esnatu, kalean euria, 5 gradu, berokia jantzita; biharamunean Singapurren agertzen gara, 30 gradu, eguzkia distiratsu, berokia soberan. Aldaketa latz honek zorabiatu egiten gaitu.
Hegazkinez bidaiatu dugunetan, pantailako ibilbidea begiratzen ari izan gara erne-erne altitudea, kanpoko tenperatura eta azpian daukagun herria zein den jakiteko... Baina bisitatu ezinik hain hurbil gure azpian egon diren herriak irudikatu behar izan ditugu. Oso mingarria da hainbestetan desiratutako herrialdeak eskuragarri daudela jakitea, ukitu ezinik, gure oinen azpiko zenbait kilometrotara.
Etxerako itzulia beste modu batean egin behar genuela argi ikusten genuen Singapurrerako hegaldia hartzen genueneko. Tarteko kulturen, arrazen eta ohituren apurkako aldaketa dastatzeko asmoarekin ekin genion abenturari. Bi urte eta erdi Singapurren pasatu eta gero, behingoz bizimodu lasaia egingo genuen. Singapur - Gasteiz
7 hilabete, 15 estatutan zehar ehunka lagun, milaka kilometro eta makina bat tren-txartel
Bai, 7 hilabete luzez Gasteizera trenez bidaiatzea genuen ametsa, garraiobide honek bertako jendearekin harremanetan jartzeko aukera ezin hobea eskaintzen baitzigun, erosoa eta merkea izateaz aparte.
Hasieratik konturatu ginen trenak herrialdeen isla izan daitezkeela eta gure gida-liburuko lehenengo kapitulu bilakatu ziren, non herrialde horietan ikusi eta sentitu behar genuenaren aperitibo bat zerbitzatzen ziguten. Trenaren giroa, abiadura, txukuntasuna, antolakuntza, jendearen irribarrearen luzera, begiratzailearen jarrera eta honelako datuak oso ekuazio korapilatsu batean sartuta, beste aldetik herrialdearen itxura xumea ateratzen zitzaigun. Esate baterako, Kanbodian trenak oinarrizkoak dira; edo oinarrizkoa dela esan beharko genuke, tren bakarra baitaukate bi hiri nagusien arteko bidea 20 km/h-ko abiadurarekin nekez egiten duena, astean birritan bakarrik. Hauxe da herri honen patua.
Txinan, berriz, trenak azkarrak dira oso, eta jendez gainezka ibiltzen dira txinatar lurraldean zehar harat-honat, denbora galtzea bekaturik handienetariko bat baita herrialde hartan. Malaisian, bestalde, ez dira geldoak ezta azkarrak ere, toki batetik bestera tarte onargarri batean eraman gintuzten, lasaiak direla esatea egokiena litzateke. Malaisiarrak bezain lasaiak; matxura batek trena 4 orduz geldiarazi zuenean, inork ez zuen erreklamazio-orririk eskatu, baizik eta eguna jantoki-bagoian te goxoa edaten edo lagunekin hizketan eman zuten. Alemanian eta Austrian, aldiz, txartelak askotan erakutsi behar izan genituen, begiraleak jarleku egokian geundela egiazta zezan.
Trenean sartzen ginen bakoitzean moldatzeko ahaleginak egin behar genituen: gure eserlekuak non zeuden, motxilak non jarri, treneko lagunak nolakoak ote ziren, bero ala hotz zegoen? Baina ordubete geroago etxean bezala sentitzen ginen. Gero, trenetik ateratzeko orduan izugarri kostatzen zitzaigun geltokira ateratzea, hiri berri batera, hizkuntza berri batera, aurpegi berri batzuetara moldatu eta logela bilatzearren. Honez gainera, batzuetan, adiskide egin genituen bidaia-lagunak uztea ere gogorra zen, Siberiatik etxera bueltan zetozen Dagestandar langile batzuk kasu, haiekin ordu luze batzuetan partxisean jolasten irakatsi eta gero. Edo agurtzeko sagar bat eskaini zigun andrea, Mongoliatik Errusiara kontrabandoko zenbait botila vodka sartzen saiatzen zenean lagundu geniolako.
Laster ohitu ginen treneko triki-trakara: Vietnamen epela, Frantzian arina, Mongolian zaratatsua, Tailandian umela eta Errumanian aldakorra. Irribarreetara ere ohitu ginen, eta Europara hurbildu ahala hauen desagertzea nabaritu genuen, baina ezkutatuta besterik ez zeuden, hurbileko neguak zekarren hotzagatik.
Gure bidaia kilometroz kilometro eginez joan zen, gure bloga bezala, gero eta pasadizo eta argazki gehiagoz handitzen, bidaia osoan zehar lanpetuta eduki gintuen eta.
Gure barruko puskatxo bat leku haietan geratu baino, leku haietako guztietako puskatxo bana gugan eta betiko geratu zela sentitu genuen, eta guk egindako argazkiek gogoratzen lagunduko digute, harik eta berriro bisitatzeko aukera datorkigun arte.
Bukatzeko, Gontzal Fontanedari eskertu nahiko genioke idazlan hau osatzeko eman digun laguntza.