403 Zenbakia 2007-07-13 / 2007-07-20
Sarritan jabetzen gara Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako daturen bat edo bestez komunikabideetan. Telebista, prentsa zein irratiek askotan jasotzen dute Behatokitik eskainitako informazioa. Baina zer da Gazteen Euskal Behatokia?
Administrazioaren menpe lan egiten duen erakunde bat da. Bere xedea, gaur egungo gazteriaren norabidea zein den ikertzean datza.1999an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik bideratuta sortu zen, izan ere behar beharrezkoa ikusi zuten halako ikerlanak egiteko elkartea sortzea. Xede nagusiak
Gazteen Euskal Behatokiak ez du helburu bakarra betetzeko lana. Orokorrean, gazteek dituzten arazoak zeintzuk diren aztertzea eta gizarteari plazaratzean datzan arren, gazteriaren joeren berri ematea edota nolako aldaketak jasaten dituzten azaltzea ere Behatokiaren betebeharra da. Horren barruan, gazte indarkeria, etxebizitza, hezkuntza, kultura, aisia eta kirola eta beste hainbat esparrutako informazioa jasotzea, esaterako.
Orokorrean hitz eginda, ikerketa burutu eta informazioa helaraztea da bere lana. Horretarako zerbitzu batzuk eskaintzen ditu. Hauek, baina, profesionalentzako, politiko eta teknikarientzako dira. Beti ere, gazteriaren inguruko gaiak jorratzen dituztenentzako. Bibliografia eskaintzen die Behatokiak erakundeei, esaterako. Laguntzak
Baina zer da Behatokiak zerbitzu horretan ematen duena? Alde batetik, bibliografiak eskaintzen ditu; gazteentzako esperientzia, ekimen eta programei buruzko erreferentziak; elkarte ezberdinen datu-baseak; txostenak egin eta eskualdekako plan eta programak garatzeko laguntza eta abar luze bat. Topaketak
Euskal Behatokiak hainbat ekimen eraman ditu aurrera bere ibilbide luzean. Esaterako, ospatu duen azken topaketa Gazteak eta Informazioa deitutakoa izan zen, Bilbon 2007ko otsailaren 14 eta 16 bitartean eginikoa hain zuzen ere.
Bertan, informazioaren, teknologien eta parte-hartzearen esparrutik jokabide egokien inguruko gogoeta egin zuten. Gazteria gaietan lan egiten dutenei zuzenduta, bai informazioa lantzen dutenei, baita lan politikoa egiten dutenei ere.
Halako gehiago burutzeko asmoa adierazi dute, gaur egungo gizartea etengabe baitabil aldatzen, askotan azkarregi, eta gazteak hobeto ulertzeko tresnen bila jarraituko du Gazteen Euskal Behatokiak.