403 Zenbakia 2007-07-13 / 2007-07-20
Euskal Herrian musikarekiko zaletasun handia dago, eta horren erakusgarri dira toki desberdinetan antolatzen dituzten jaialdiak (Euskal Herria Zuzenean, Bilbao BBK Live, Azkena, ...). Baina uztaila berezia izaten da gure lurraldeko zenbait tokitan.
Izan ere, hilabete honen zain egoten dira Jazz musika maite duten asko eta asko. Jaialdi bakarraren ordez lau festibalez gozatzeko parada izaten dute. Geroz eta jarraitzaile handiagoa duen musika estiloa dela esan daiteke, adin guztietako pertsonak erakartzen dituena. Lehenengoa, arrakastatsua
Lehenengoa pasatu berri dago, Getxoko Nazioarteko 31.Jazzaldia hain zuzen ere. Uztailaren 4ean hasi eta 8ra bitartean jazz doinuak entzungai egon dira Bizkaiko herri horretan eta guztira 80 musikariren erritmoekin gozatu dute bertaratutakoek. La Ruee au Jazz
Hurrengo hitzordua Baionako kaleetan dugu, izan ere musikaz blai egongo dira uztailaren 12 eta 14 bitartean. Jazzaldia lehenengoz ospatu zenetik bost urte pasatu dira eta asmoa urteroko legez jazz musika herriari gerturatzea denez, sarreren prezioak edozein poltsikotarako pentsatuak daude. Antolatzaileek ez dute nahi izan 14 euro baino gehiagoko sarrerarik saltzea, eta ikasle eta langabeek, 12 euro ordaindu behar dituzte soilik. Hala, denetariko pertsonak hurbilaraztea nahi dute; baldintza bakarra, musika maitatzea da.
Gainera, prezio horiek gauetan izango diren kontzertuak ikusi eta entzuteko dira. Egunez izango direnek berriz, sarrera librea dute, eta nahi duenak diru kopuru bat eman ahalko du sarreran. Gasteizko 31. Jazz Jaialdia
Hala da. Hogeita hamaika urte daramatzate Arabako hiriburuan Jazz jaialdia ospatzen, eta aurtengoak ere egitarau oparoa dakar. Uztailaren 15etik 21era, artista ezagunak arituko dira beraien instrumentuak jotzen; horien artean esaterako, Ornette Coleman eta Norah Jones bezalako musikariak arituko dira. Mendizorrotzako Kiroldegira, Armentiako zelaietara eta Principal Antzokira gerturatu beharko da doinu bereziaz gozatu nahi bada.
Berritasun bezala, aurten zinema emanaldia egongo dela esan daiteke. Izan ere, uztailaren 19an Spike Leeren filmetako irudiak emango dituzte, Terence Blanchard tronpetariaren boskoteak musika jartzen dien bitartean. Heineken Jazzaldia
Aipatu gabe utzi behar ez den jazzaldia Donostiako Heineken jaialdia da. Aurten 42. edizioa da (uztailaren 23tik 29ra bitartean). Antolatzaileen esanetan, bere baitan estilo ugari hartzen dituen jaialdia da aurtengoa.
Baina musikaz gain, omenaldietarako tokia egongo da uztaileko azken astean. Wayne Shorter saxofoi-joleak Donostiako Jazzaldia Saria jasoko du bere ibilbide oparoarengatik. Uztailaren 28an izango da, Kursaaleko Auditorioan.
Esan bezala, musikaz gozatzeko aukera paregabea egoten da urte guztian zehar Euskal Herrian, baina jazz mundua maite dutenek, ezin dituzte galdu uztaileko aukera eder hauek.