404 Zenbakia 2007-07-20 / 2007-07-27
Zer moduz joan dira San Ferminak?
Oso ondo. Alabarekin egoteko aprobetxatu dut, eta beraz lasai ibili naizela esan daiteke.
Zenbat urterekin hartu zenuen lehendabizikoz gitarra bat?
Ni hasi, abestientzako letrak idazten hasi nintzen, nahiz eta horretarako izango zirenik ez jakin. Baina ez zitzaidan gustatzen poesia egiten nuela esatea eta abestientzako letrak deitzen nien horiei. Argazkia: Lucia de Andrés.
Batxilergoan musika atsegin genuen talde bat elkartu eta orduan hasi ginen batek egindako musikari besteak idatzitako hitzak sartzen. Eta sasoi horretan hartu nuen baxu bat lehenengoz, 17 urterekin.
Nola gogoratzen duzu Barricadaren hasiera?
Oso polita izan zela oroitzen dut. Baina musika talde guztietan gertatzen den bezalakoxea izan zen gure hasiera ere. Lokal bat genuen, non ahalik eta denbora gehien pasatzen genuen entseguetan, eta ez zegoen beste toki hoberik denbora galtzeko.
Noizbait auzokideekin arazorik izan al zenuten?
Bai. Gogoan dut entseatzeko lortutako lehenengo etxabea Arrotxapean zegoela eta hamabost minutu baino ez genuen iraun bertan. Gero, Mikelen bidez (Barricadako lehenengo bateria-jolea) toki berria lortu genuen, bere aitak Uharten zuen oilategi batean.
Inoiz pentsatu al zenuen musikatik biziko zinenik?
Egia esan lehentasuna ez zen musikatik bizitzea. Orduak eta orduak lagunekin musika egiten pasatzea zen onena eta etxera hilda iristen ginen horrenbeste lan egiteaz. Baina paregabea zen. Hasieran Iruñetik deitzen ziguten soilik, eta ondoren inguruko herrietatik. Lehenengo aldiz mila duro kobratu genuenean benetan berezia izan zen.
Gainera, Barricada sortu aurretik Mikel zen lanean ez zebilen bakarra. Bonik kristalak garbitzen zituen eta nik piezak egiten nituen. Lanak utzi behar izan genituen taldea sortzeko. Argazkia: Lucia de Andrés.
Enrique eta El Drogas. Pertsona berdinak al dira?
Nik uste Dr. Jekyll eta Mr. Hyde bezalako zerbait dela. Pertsona berdinak, baina aldi berean ezberdinak.
Apirilaren 18an, Barricadak eskainitako lehen kontzertuko toki berean jo zenuten. Zer sentitu zenuen?
Bikaina izan zen. Ez tokiarengatik, guk erabaki baikenuen hori, baina bai zer nolako pertsonak gerturatzen ziren ikusteagatik. Han zeuden Mareako kideak; gure webguneko lagunak; lan arropekin fabrikatik irtendakoak; ikastolako neska-mutilak, irakasleak gure adinekoak izanik kontzertura etortzen utzi zietenak; betidanik ezagutzen gaituzten auzokideak...
Zer izan da 25 urte hauetako onena? Eta txarrena?
Onena, gustatzen zaizunetik bizi ahal izatea da zalantzarik gabe. Gainera, gazte nintzela tuberkulosia eduki nuen eta bizitza lasaia egin behar nuela esan zidaten. Eta 21 urterekin hori entzutea gogorra izan zen. Erabaki bat hartu nuen orduan, nahi nuena egin- musika- eta horretatik bizi. Nik uste dut osasunean irabazi nuela hautuarekin. Txarrena berriz, Mikel, lehenengo bateriaren heriotza izan zen.
Azken diskoa zuzenean grabatu zenuten. Ordutik, hainbat emanaldi akustikoan izan dira.
Bai, aspalditik genuen horrelako disko bat kaleratzeko gogoa. Eta behin lana argitaratuta, zerbait gehiago eskaini behar genuela uste genuen. Horrela otu zitzaigun Barricada de Otra Manera deituriko kontzertu sorta egitea. Akustikoaz gain, elektrikoan ere jotzen dugu, baina era desberdinean. Antzokiak aukeratu ditugu horretarako, akustika berezia dutelako. Argazkia: Lucia de Andrés.
Eta nola erantzun du jendeak?
Bikain. Antzokietan ezin da edan, ezin da erre... eta jende oso desberdina hurbildu da. Txalo egiteko modua, eta guk eszenatokitik jasotako sentsazioak bereziak izan dira.
Ba al duzu maniaren bat eszenara irten aurretik?
Hamar minutu aurretik taldekideak bakarrik geratzen gara, gure gauzetaz hitz egiteko... Laurok batera egotea, hori da mania bakarra.
Zein da gustuko duzun musikari edo talde bat?
Egia esan gehienbat kantak ditut gogoko. Edo talde batek duen konposatzeko modua, edo beste batek duen doinua... Bestalde, atsegin dut nola nire alabak sartzen nauen bere musika gustuetan.
Zein da erosi duzun azken diskoa?
Egia esan, azken urteotan niretzako disko bat erostera joan naizen bakoitzean liburu dendan bukatu izan dut. Azken diskoa nire alabarentzako erosi nuen ziurrenik. Argazkia: Lucia de Andrés.
Orduan, zein motatako liburuak?
Poesia irakurtzen dut gehien, ez baitu jarraipen etengabe bat eskatzen. Edo Gerra Zibilari buruzko liburuak. Gertuko historiari buruz ari naiz dokumentatzen azkenaldian.
Zer iruditzen zaizu pirateria?
Lagun artean egiten den pirateria mota ondo iruditzen zait. Hau da, batek diskoa erosten badu eta beste bati gustatzen bazaio, kopiatu dezala, medioak horretarako daude-eta. Diskografietatik egiten dena ez zait ondo iruditzen, esaterako.
Luzerako al daukagu Barricada?
Ez dakit luzerako izango den, baina irauten duen denbora orain artekoa bezain bizia izan dadila.
Motzean
Txantrea: Nire auzoa, bai onerako eta baita txarrerako ere.
Barricada: Nire taldea, hau ere onerako eta txarrerako. Txarrerako, ziurrenik, nire familiarentzako. Baina ulertzen nautenez...
Noche de Rock & Roll: lehenengo diskoa izateaz gain, gertatu zaidan onena, ezin baitut ulertu gau bat rock & rollik gabe.
Uztailak 7: Ahal dudan guztietan kanpoan harrapatzen dudan jaia. Enrique Villarreal (Iruñea) 47 urteko iruindarra, beti lagunenganako eta Txantrearekiko sentimendu berezia izan duen gizona. Gaztaro normala eraman zuen eta ez zen asko nabarmentzea atsegin duten horietarikoa. Nerabe zela diskoteketara joaten zen, baina besteek dantza egiten zuten bitartean bera musikariei begira geratzen zen. Antzerako zaletasunak zituen jendea ezagutu eta poliki-poliki musika munduan sartzen hasi zen.