404 Zenbakia 2007-07-20 / 2007-07-27
Uda garaia. Ikastola giroa aspaldi amaituta eta denbora libre asko. Dibertitzeko hamaika aukera, baina sarri etxeko gazteenek ez dute jakiten zer egin eguna pasatzeko eta teilatupean geratzen dira ordenagailuari edo kontsolari josita, orduak igaroz. Baina herri gehienek badute horri alternatiba bat emateko modua, udalekuak, esaterako.
Hala ere, aurten beste aukera bat aurki dezakete Euskal Herriko gazteek ongi pasatzeko. Izan ere, Ikastolen Elkarteak eta Gasteizko Hala Bedi Irratiak antolatuta, Gazte Egonaldiak 2007 sortu da. Lehenengoz egiten ari diren udaleku bereziak dira hauek. Eta lehenengo edizio hau burutzeko, Arabako Bernedo herriraino joan dira. Bi txandatan, euskara bultzatuz
Uztailaren 8an iritsi zen lehenengo autobusa, 85 ikaslerekin, Bernedoko aterpetxera, Gazte Egonaldietara. Hamabi eta hamalau urte bitarteko lagunek astebeteko abenturari hasiera eman zioten hala. Bigarren txandakoak berriz hilaren 15ean hasi eta 22 bitartean egongo dira bertan. Hauek 15 eta 17 urte bitarteko 47 neska-mutiko dira.
Bertan esku hartu dutenek ez dute aspertzeko betarik eduki. Egunero gauza berriak ikasi dituzte bertan aritutakoek, beti ere euskaraz. Horixe baita udaleku berezi hauen xedea, gazteei gure hizkuntzan erabilera ematera motibatzea. Eragitea eta sustatzea. Opor bereziak
Baina zer berezitasun dute egonaldi hauek beste udaleku batzuek eskaintzen ez dutena? Ikus entzunezko mundura gerturatzen dituztela parte-hartzaileak. Izan ere, ekintza bereziak prestatu dituzte antolatzaileek, betiko udalekuetatik bereiziz apur bat. Besteak beste, film laburrak, graffitiak eta irratsaioak sortu dituzte eta begiraleen laguntza izan dute horretarako, gai horiek ezagutzen baitituzte gertutik.
Nagore Amondarain arduradunarekin hitz egin dugu eta gutxi gorabehera bi aste horietako egunak berdintsuak izan direla aipatu digu. “Goizean goiz hasi dira Bernedon elkartutako neska-mutilak martxan jartzen. Gosaldu ondoren, film laburren eta irratsaioen prestaketan lan egiteko aprobetxatu dute. Arratsaldeetan berriz, bizikletak hartu eta txangoak egin ditugu”.
Baina beste berezitasun batzuk ere izan ditu txanda bakoitzak. Lehenengoarekin, esaterako, autobusa hartu eta inguruak bisitatzera joan ziren. “Izan ere, Bernedon bai baina askok ez zekiten ezer inguruko bazterrez. Horrela ezagutu dute Arabako beste toki batzuekin alderatuta oso desberdina dela inguru hau”. Bisitatu zituzten tokien artean, Martinez eta Faido herriak daude. Bernedoko kaleak.
Bigarren txandakoak aldiz Lizarrara joan ziren UEUko hitzaldi batetara. “Erakutsi nahi genien beste eskaintza posible batzuk ere badaudela uda garaian?.
Bestalde, Bernedoz gain, Gasteiz aldera ere hurbildu dira ikasleak egonaldian zehar. Eta hori aprobetxatuz, irratsaioak grabatu dituzte Hala Bedi irratiarekin; gazteek landutako gidoiak erabiliz.
Baina ez da Arabako hiriburuan egin duten ekintza bakarra. Blog bat sortzen ere ikasi baitute. Saregunea-ra joan dira horretarako, eta bertan teknologia berri honen erabilpenari buruzko azalpenak jaso eta blog bat prestatu dute.
Esperientzia bikaina izan da Bernedokoa bi aldeentzat, bai begirale eta baita ikasleentzat ere. “Azken hauek konpromisoak hartu dituzte egonaldietan zehar. Beti gauzak eginda jaso beharrean beraiek izan dute protagonismo guztia, lan guztia egiteko ardura”. Eta horrek gazte askoren heldutasuna erakutsi diela azpimarratu du Nagorek.
Hala, datorren urterako indarrak hartu eta bigarren saio bat antolatzeko desiratzen daudela aipatu digu. Hori bai, talde txikiak sortuz, “lan egiteko era hobea da eta”.