405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Karmele Jaio. Idazlea: Zure burua hobeto ezagutzeko aukera ahalbidetzen du idazteak

ELIZONDO, Amaia

Euskal idazleen artean izena hartzen doan gaztea dugu Karmele Jaio. Hamabost zauri eta Amaren Eskuak liburuekin arrakasta lortu zuen gasteiztar honek eta orain bere hirugarren liburuan dihardu lanean. Berandu hasi zen idazten bere hitzetan, baina beti izan du irakurtzeko zaletasuna, batez ere idazle klasikoen lanek erakarrita. Horri buruz eta gehiagoz mintzatu da elkarrizketa honetan.

Zertan zabiltza momentu honetan?

Urrian argitaratuko dudan liburu berri bat bukatzen aritu naiz azken hilabeteetan. Zu bezain ahul izango da narrazio liburu berriaren izenburua eta Elkar argitaletxearekin kaleratuko dut.

Nolakoa da Zu bezain ahul?

Hamabost narrazioko liburua da, Hamabost zauri nire lehen liburua bezala. Estiloaren aldetik ere antzekotasunak dituzte bi liburuek. Pertsonen arteko harremanetan zentratzen naiz liburu berri honetan ere. Halaber, pertsonen arteko komunikazio ezintasunetan sakondu nahi izan dut; pertsonek dituzten ahultasunak azaltzen saiatu naiz.

Berriro ere narrazioak idazten hasi zara.

Nobelagile baino, nire burua narrazioak idazten ikusi dut hasieratik. Idazten hasi nintzenetik narrazio gehiago idatzi ditut eta gustura sentitzen naiz. Esperientzia gehiago daukat narrazioekin, eta gainera, ipuinak idazteko gogoa ere banuen jada.

Zergatik aukeratu duzu pertsonen ahulezia?

Liburua idazten hasi nintzenean ez nuen gai zehatzik buruan. Ipuinak idazten hasi nintzen eta pertsonen alde ahulak ateratzen ari nintzela ohartu nintzen. Denok ditugun ahultasunak aztertu eta ipuinak osatzen joan nintzen. Askotan idazten ari zarenean zure kezkak zeintzuk diren ohartzen zara.

Amaren eskuak liburua gazteleraz kaleratzeko asmoarekin jarraitzen al duzu?

Azkenaldian ipuinak idaztearekin batera, Amaren eskuak liburuaren itzulpena egiten aritu naiz. Oraindik ez dut argitaletxeekin hitz egin eta ez dakit noiz kaleratuko dudan. Dena dela, itzulpena baino gehiago berridazketa egin dut. Izan ere, hizkuntza batean esanahi batzuk dituzten hitzek ez dute beste hizkuntzan berdin funtzionatzen. Gainera, itzulpena bakarrik eginez gero istorioa oso hotza geratzen zen.

Hamabost zauri izan zen kaleratu zenuen lehen liburua. Nola oroitzen duzu momentu hori?

Momentu berezia izan zen. Zure lana argitaratuta ikustea oso polita da. Hainbat urtetan idazten egon ondoren zuk idatzitako istorioak kalean dabiltzala ikusteak ilusio berezia eragiten du. Gainera, oso ondo atera zen dena eta jendearen erantzuna ere ezin hobea izan zen. Bestalde, bakoitzak idatzitako ipuinetan barruko zati bat uzten duzu agerian. Kaleratu ostean zure ipuinak besteen zati ere badirela konturatzen zara.

Betidanik izan al duzu idazteko zaletasuna?

Egia esan, nahiko berandu hasi nintzen idazten, 19–20 urterekin. Irakurtzeko zaletasuna, aldiz, betidanik izan dut. Idaztea beti atsegin izan dut, baina ipuinak erredaktatzen beranduago hasi nintzen.

Idazleak irakurle finenak omen zarete. Zeintzuk dira erreferente dituzun idazleak?

Gustuko ditudan idazle gehienak klasikoak dira. Betiko maisu klasikoen artean, Txekhov eta Julio Kortazar oso onak dira, baina ipuin egile asko ditut gustuko. Asko atsegin dudan beste idazle bat Bohumil Rhabal idazle txekiarra da.

Zer ematen dizu idazteak?

Idazteak zer pentsatzen duzun ikusteko aukera ematen du. Zer esan nahi dudan jakiteko idazten dudala ere esaten dut askotan. Idatzi ondoren mundua nola ikusten duzun ohartzen zara. Alde batetik zure burua hobeto ezagutzeko modua ahalbidetzen du. Munduari begiratzeko beste era bat ere ematen dizu idazteak. Bestalde, munduan zer gertatzen den jakitera behartzen zaitu.

Hainbat sari jaso dituzu azkenaldian Amaren eskuak lanarengatik. Zer esanahi dute sari horiek zuretzat?

Sariak ezberdinak izaten dira orokorrean. Nik hartu ditudanak irakurleengandik jasotakoak izan dira. Sari horiek niretzat garrantzi handia dute. Idaztea oso lan bakartia da, jendearen erantzuna jasotzea zaila izaten baita. Horregatik sariek hutsune hori betetzen laguntzen dute.

Euskal Herrian literaturak nolako egoera bizi du?

Askotan egoera ilun jartzen badugu ere, azken urteetan irakurzaletasuna indartzen doa. Irakurle klubak gero eta gehiago dira Euskal Herriko herrietan, eta harrituta geratu naiz taldeak asko baitira. Gainera, hilero mintzaldiak egiten dituzte liburu baten egilearekin eta ekintza ugari antolatzen dituzte. Dena dela, irakurzaletasuna sustatzen jarraitu behar da, batez ere, gazteen artean.

Geroz eta emakume gehiagok idazten dute Euskal Herrian.

Bai, geroz eta emakume gehiagok argitaratzen dituzte liburuak eta horrela izan behar du. Pixkanaka gizon eta emakumeen arteko oreka lortzen joan behar gara.

Idazten jarraitzeko gogo bizia duzu, ezta?

Bai. Beti darabilt zerbait buruan idazteko. Oraindik istorio asko idazteko ditudala iruditzen zait, baita gogoa ere. Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) Karmele idazlea da eta hirugarren liburua kaleratzeko asmoa du udazkenean Zu bezain ahul izenburupean. Bere lehen narrazio liburua 2004 urtean kaleratu zuen Hamabost zauri izenburuarekin. Ondoren, Igartza Saria irabazi ostean, Amaren eskuak nobela idatzi zuen 2006an. Bere esanetan, idazteak bakoitzaren kezkak zein diren ohartzeko aukera ematen du.