405 Zenbakia 2007-07-27 / 2007-09-07
Karobien ke zuriska XX. mendearen erdialdean itzali zen. Dena den, duela hamaika urte Gorbeia mendiaren magalean kokaturik dagoen San Justoko karobia berreskuratu eta karea aintzinako erara egin zuen berriz ere Ipizki Taldeak. Ordutik, abuztuko lehenengo asteburua karegintzaren gune bihurtu da Zeanuriko Otsemendi auzunea. Aurten ere, abuztuaren 4an eta 5ean kareharria, egurra eta sua bilduko dituen labea ketan ikusteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Argazkia: Jon Urutxurtu
Abuztuaren 4an eta 5ean Zeanuriko Otsemendi auzuneko San Justo baseliza ingurura hurbiltzen direnek jadanik desagerturik dagoen karegintzaren gorabeherak ezagutzeko aukera izango dute Ipizki Taldearen eta Juan Aranaren eskutik.
Abuztuaren 4an, larunbatean, goizeko 11:00etan piztuko da karobia, eta urteetan zehar ahaztuta eta itzalita egon den ke zuriska San Justoko haritzen artean igoko da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Igande eguerdirantz, kare bizia botatzen hasiko da labe-ahoa. 1950ean azkenengoz
Duela hamaika urte jarri zuten martxan 1950etik bertan behera utzita eta hondatuta zegoen karobia. Horretarako, azken urte hartan eta toki berean karea egin zuen Juan Aranarekin harremanetan jarri ziren Ipizkikoak, eta bere zuzendaritzapean konponketa lanei ekin behar izan zieten bi hilabetetan zehar, kare labea lanean jarri aurretik.
Otsemendi auzuneko Goikuria eta Arana familiak, Kandido eta Felix Goikuria anaiak alde batetik eta Juan eta Julian Arana bestetik, izan ziren 1950ean toki horretan azkenengoz lan egin zutenak. Juan eta Felix labea zaintzeaz eta karea egiteaz arduratzen ziren bitartean, Julian eta Kandidok, idi pare batez baliatuz, Atxebeiko beheko errekatik — San Justo goiko aldean – kareharria, eta Azkarralde eta Igertubarri basoetatik egurra ekartzen zuten. Soroetan ongarri moduan erabili ziren 2.000 kintal — 100.000 kilo– kare ekoiztu zituzten guztira. Karobi frantsesa
San Justokoa karobi frantsesa deritzona da, hau da, kontraterrenoa aprobetxatuz eraikitakoa. Pixkanaka-pixkanaka estutzen doan 4 metroko sakontasuna duen zulo bat du, 150 zentimetroko zabalera goiko aldean eta 40koa behekoan.
Kare labe frantsesek era honetan egiten dute lan: erregai funtzioa duen egurrez betetzen dira eta sua ematen zaie; gero, gainean, kareharri kapa bat jartzen da. Harria errez kare bihurtzen da eta karea egin ahala, egur eta kareharriz kargatzen da karobia.
Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen zuen, horregatik hiruzpalau etxe elkartuta edo auzolanean egiten zen. Karearen erabilera
Baina zertarako egiten zen karea? Erabilera ezberdinak zeuzkan: eraikuntzan, lurraz eta uraz nahastuz etxe-paretak eta mota guztietako hormak eraikitzeko morteroa lortzen zen, eta urez bakarrik nahastuz, baserrietako hormak zuritzeko letxera; nekazaritzan, soroetako ongarri bezala eta koko edo harren kontra erabiltzen zen; abeltzantzan, korten desinfekziorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak sendatzeko; aipagarria da arrautzak kontserbatzeko erabilera ere.
Ikus daitekeenez, funtzio ugari betetzen zuen kareak eta ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian nonahi azaltzen ziren karobiak. Baina, XX. mendean zehar, abonu kimiko eta porlanaren produkzio industrialarekin lehiatu ezinik, beraien erabilera gutxituz joan zen, mendearen erdirantz bertan behera utziak izan ziren arte.