406 Zenbakia 2007-09-07 / 2007-09-14
Eskoriatza ez da Donostia. Ez eta Miarritze edota Hondarribia ere baina, hala ere, Debagoienako herri txiki honetan hamaika herrialde ezberdinetako 19 gaztek bi egun eman zituzten Ibarraundi Museoan uztailean.
Esperientziak asebete zituen eta ez zuten zalantzarik; itzuliko ziratekeen. Izan ere, Behe Nafarroako Azkarateko jauregia berritzen hainbat egun eman zituzten nerabeek eta bi egunetako atsedenaldia izan zuten Eskoriatzan; esku indarra baino, elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko, jolasteko eta eztabaidatzeko profitatu zituzten bi egunak.
Goizeko 11.00etan iritsi ziren Azkaratetik, euripean eta bi ordu eta erdiko autobus bidaiaren ostean, nekatuak zeuden. Euren maletak gelan utzi eta harrerarako prestatu ziren. Izan ere Eusko Ikaskuntzako, Eusko Jaurlaritzako, Udaletxeko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak han zeuden gazteekin mintzatzeko irrikan. Dantzarien aurreskuaren ostean, eguzkia ere azaldu zen eta Eskoriatza ezagutzera abiatu ziren gazteak.
zutela irten ziren kalera. Halaber, egunerokotasunaren atzean, ezkutuan gordetzen diren errealitateak aztertzea zen ibilbidearen xedea. Hartara, adibidez, langileriaren etxebizitzen eta baserrien arteko ageriko ezberdintasunen atzean, bada estalgabetu nahi zen beste errealitate bat, hots, bakoitzaren bizimodua ezberdina dela. Hala, Eskoriatza gazteen esperimentu gune izaki, gizartea eta gizarte aldaketak ikertu nahi izan genituen.
Eskoriatzatik ibilbidea polita izan zen eta ostean, bazkaltzeko parada hartu genuen. Guztira 500 argazki baino gehiago pilatu genituen ordenagailuan, gazte bakoitzak atentzioa pizten ziona gordetzen baitzuen memoriadun makinan. Hala, atsedenerako tartea ere izan zen arratsaldean eta iluntzean, Ibarraundin mahaiak prestatu eta aldarte onean afaltzeko aukera izan genuen. Patata tortillari harridura aurpegia jartzen zioten batzuek, baina probatu orduko errepikatzeko aukera ere ez zuten baztertu.
Iluntzean, musikaz jantzi zen Ibarraundi eta Eskoriatzako musikariez gain, gazteen artean euren tresnak hartu eta jotzen hasi ziren gutxi batzuk. Dantza nagusitu zen gauerdira arte, baina hurrengo egunean goiz jaiki beharra izanik, oheratzeko garaia ere iritsi zen. Ongi atseden hartu ostean, hurrengo egunean eginbehar bat genuen: gazte bakoitzak globalizazioaren fenomenoaren aurrean bere herrialdean identitateak zuen garrantzia eta mantentzeko egiten zen ahalegina azaldu zuen.
Aniztasuna, kolorea, aberastasuna eta mintzaira anitzak izan ziren ezaugarri. Turkia, Serbia, Errusia, Argentina edota Estatu Batuetako errealitateak hain desberdinak izanik, anitz aberatsa izan zen bakoitzak azaldutakoa. Bizi maila, etorkinen aurrean jarrera edota globalizazioaren harrera zeharo desberdinak azaldu zituzten protagonistek eta bakoitzak ahal zuen hizkuntzan, zela ingelesa, zela frantsesa, gaztelera edota euskara elkar komunikatzeko eta beste errealitateak ezagutzeko aukera izan genuen. Garrantzitsuena ordea, denok izan genuen ikasteko aukera paregabea. Eta gure iritziak, hots, gazteen ikuspuntuak duen garrantziaz eta entzuteko beharraz ere ohartu ginen; izan ere, etorkizuna gure esku dago.
Egun gizartean diren gatazka eta erronka nagusien aurrean, informazioa eta irizpidea behar dugu. Horretarako aukera paregabea izan genuen Eskoriatzan; izan ere, hainbat ikuspuntu ezberdin jasotzeak gure begirada zabaldu eta aberasten du eta, zalantzarik gabe, horrek jakintsuago bilakatzen gaitu. Horrez gain, adiskideak egin ditugu eta nork daki, agian, Argentinara edota Ukrainara bisitan joan ahal izango gara, gonbidapenak norabide guztietan luzatu baitziren.
Euskal Herrian ere gazteok badugu zer egin eta zer esanik eta Eusko Ikaskuntzak modu praktiko eta erakargarri batean, elkar ezagutzeko eta elkar aberasteko aukera berri hau luzatu digu esperientzi pilotu bezala. Eztabaida gaiak anitzak izan daitezke eta zergatik ez, guk ere, gazteok, proposa ditzakegu. Hala, iturri zaharretatik ur berriak edatea (Artze), horixe da gure aukera.