406 Zenbakia 2007-09-07 / 2007-09-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nazioarteko Gazteen Topaketa (I): Azkarate

ETCHEVERRY, Benoit



Jadanik joan den urtean nazioarteko topaketa bat antolatu genuen mundu guztian den gazteriari zabaldua. Orain dela zenbait urte sortu zen Ipar Euskal Herrian euskal diasporaren nazioarteko zentroaren proiektua. Baina nola bultzatu, nola aitzinatu, nola justifikatu eta nola baloratu gure herriko kultura, gure hizkuntza, gure nortasuna? Galdera horiei erantzuteko hautatu dugu antolatzea uda guziz nazioarteko gazteriaren topaketa bat. Azkarate. Argazkia: Euskosare.

Hor aurkitu ditugu, Euskal Herriko gazteak, euskal diasporakoak eta bai eta nazioarteko gazteak ere. Ez dugu ahantzi behar: euskaldunak bizi dira noski Euskal Herrian, badira ere hemendik kanpo, eta han direnak bizitzen dira beste kultura eta beste hizkuntzekin. Aurtengo topaketarekin erakutsi dugu zein den gaurko Euskaldunen Mundua.

Aurten beraz, izan dira 22 gazte Azkarateko herri ttipian uztailaren 6tik 27rat arte. Euskal Herritik ziren sei, euskal etxeen bitartez bost, Turkiatik bi, Errusiatik bi, Ukrainatik bat, Serbiatik bat, Amerikako Estatu Batuetatik bat, Estatu espainiarretik bat, Koreatik bat eta Frantziatik bi.

Joan den urtean hasi zituzten lanak bukatu dituzte, berritu ere lehen eta bigarreneko estaiak. Ondoren kanpoko lan batzuk ere egin dituzte. Gainera, jauregiaren bazterrean murru bat sortu dute eta ekarri dute herrian aire berezi bat. Nazioarteko airea. Nola asmatu zein izan den okinaren aurpegia ikusi duelarik Bongjae korearra 22 gazteentzako ogia erosten? Lanean. Argazkia: Euskosare.

Haien presentziak herritarren begiak zabaldu ditu, truke bat bezala: euskaldunek erakutsi diete haien lurra, kultura, hizkuntza, partikulartasunak, baina aldi berean haiek aurkeztu diete euskaldunei Euskal Herri eta euskal kulturaren balorea munduan. Antolaketa laguntzak

Proiektu hau antolatzeko hiru partaide izan dira: EuskoSare, Azkarateko udaletxea eta Bordeleko Concordia elkartea.

Askok pentsatzen dute, EuskoSare webgune bat bakarrik dela. Baina gehiago da, eta EuskoSare tresna bat dela esan daiteke, eta horren bitartez jendea elkartzen da, ezagutu eta proiektuak sortzen dituzte, Azkarateko topaketak kasu.

Concordia federakuntza bat dugu, estatu frantseseko probintzia bakoitzean agertzen dena. Akitaniakoa Bordelen dago eta berarekin hautatu dugu lan egitea. Elkarte horrek 50 urteko esperientzia du horrelako topaketak antolatzen: etxe zaharrak berritzen, elizak konpontzen edo iturri bazter batetako bidetxo bat argitaratzen.

Azkenik, Azkarateko udaletxea dugu, Jean Michel Galant alkatea buru duela. Berak du dena hartzen bere izenean, zeren holako proiektuak egiten ahal dira bakarrik udaletxe baten bitartez.

Topaketa honetan ukan dugu ere Eusko Jaurlaritzaren onarmena; Gazteria departamenduarekin aritu gara. Proposatu digute lau gazte (Imanol, Bingen, Maialen eta Edurne). Ondotik ere beste hiru gazte etorri dira Gaztemunduren bitartez (Eusko Jaurlaritzaren beste programa bat). Harremanak indartu dira, beste proiektuak pentsatu ere; adibidez nola proposatu Hegoaldeko eta Iparraldeko Gazte Informazio Bulegoen elkartasun bat, edota nola hurbildu Ipar eta Hegoaldeko bilgune batzuk. Asko dago egiteko.

Aktibitate pila bat egin dituzte. Iniziazio bat Joko Garbira (xistera), kontzertu pribatuak (Xabaltx, David Cairol eta Guillo), ateraldiak (bi egun Gipuzkoan, Eskoriatzan), Irati mendian artzain txakurren txapelketa, edo pilota partidak - non gazteetan Theo izan den aurtengo txapelduna Ipar Euskal Herriko pilota ligan, joko garbin. Baionan Eusko Ikaskuntza eta Euskosare, Euskal Munduak erakusketa eta beste hainbat gauza bisitatu dituzte.

Orain, nahi genuke esperientzia heldu den urtean errepikatu, Azkaraten edota beste herri batean. Izan ere, horrelako topaketek indar bat ekartzen digute. Zeren eta orain arte askok erraiten genuen: Euskal Herria, zazpiak bat... Diasporarekin hasten gara entzuten: zortziak bat. Azkenean, sinpleago izan daiteke eta bakarrik esan, denak elkar. Zergatik ez ?