407 Zenbakia 2007-09-14 / 2007-09-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Glamurraren garaia

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Zenbaki errepikatua jaialdi edizio berri batentzat: 55. Donostiako zinemaldia hastear dago eta aurten ere jende ugari gerturatuko da 55. ediziora. Alfonbra gorria zapalduko duen jende asko dago; eta bat baino gehiago haren ingurura urreratuko da, amesten duten aktore, aktoresa edo zuzendari hori ikusteko esperantzaz.

Zenbaitek diote glamurra galdu duela azken urteetan Donostiako Zinemaldiak. Askorentzat, behintzat, horren erreferente izan ohi da Gipuzkoako hiriburua. Hala ere, izarrek dir-dir egingo dute berriz ere irailaren 20tik 29ra bitartean ospatuko den jaian. Aurtengo Donostia Sarien irabazleak. Gere eta Ullman, Donostia Sariak

Jaialdiko sari garrantzitsuena dela esan daiteke. Aurten, Richard Gere aktorea eta Liv Ullman aktoresa eta zuzendaria omenduko dituzte modu horretan. Hala ere, sari ematea ez da egun berdinean izango. Lehenengoa hilaren 23an gerturatuko da saria jasotzera, eta bigarrenak 28ra arte itxaron beharko du horretarako.

1987.urtean banatu zen lehenengo Donostia saria eta Glenn Ford aktorearen esku geratu zen. Iazko edizioan, aldiz, Max Von Sydow eta Matt Dillon etorri ziren Euskal Herrira garaikurra jasotzera. Askotariko filmak ikusgai

Publiko desberdinei zuzenduta antolatzen dute normalean jaialdia, ahalik eta pertsona gehienek zinemaz gozatzeko aukera izan dezatela baita antolatzaileen helburuetariko bat.

Estreinatuko diren pelikula asko daude, bertakoak eta kanpokoak; helduei zuzendutakoak edota haurrek gozatzeko modukoak. Esate baterako, Renny Harlin zuzendaria Donostian izango da bere azken filma Cleaner aurkezten. Eta berarekin batera etorriko da protagonista nagusia, Samuel L. Jackson aktore ezaguna. Gazteen txanda

Bestalde, gaztetxoenek ere beraien aukera dute jaialdi honetan. Alde batetik beraientzako filmak ikusteko aukera dutelako eta bestetik Zinemaldian bertan sari bat emateko aukera dutelako. Gazteriaren sariak izenez ezagutzen da eta bai Euskal Herritik eta baita nazioartetik ere, 350 gaztek parte hartzen dute. 17 eta 21 urte bitarteko gazteak izaten dira epaimahaiko kideak eta zozketa bidez aukeratutakoak dira.

Zine saio bakoitzetik irten eta beraien bozka eman beharko dute. Botazio horren emaitza egunero emango da jakitera Zinemaldiko egunkariaren, pantaila erraldoien eta beste medio batzuen bitartez. Beraz, esan liteke aisialdi modu ederra izan arren, lan gogor egiteko unea ere izaten dela epaimahai honentzako. Euskal zinema, irailaren 26an

Euskal zinemak 1997. urtetik bere tartea izaten du urtero Donostiako zinemaldian. Aurten, besteak beste Pedro Olearen Akelarre, Alberto J. Gorritiberearen Eutsi!, Edota Julio Medemen Caótica Ana pantailaratuko dituzte Príncipe Zineman.

Beraz, zinemaz gozatzeko aukera paregabea irailean zehar Gipuzkoako hiriburuak eskaintzen duena. Bertara joateko asmoa dutenek, egitaraua beraiekin eraman beharko dute pelikula interesgarririk ez galtzeko. Eta zinema aretoetan sartu nahi ez baina jende famatua ikusi nahi duenak ere, Donostian du hitzordua. Ongi pasa!