407 Zenbakia 2007-09-14 / 2007-09-21
Arratsaldeko seiak: estropada hastera doa. Arraunlariak eta patroiak erne daude. Mugimenduen sinkronia martxan jartzeko unea, garatutako giza – makineria prest, indarrek lortu beharreko oreka buruan, nahita bilatutako armonia barruan.
Kolorez betetako tostak, kolorez betetako ikuskizuna: gorria zein urdina, berdea zein horia, morea zein arrosa.
Lehiakortasuna tentu; lau kale, lau traineru; barruan, patroia eta arraunlariak.
Dena prest, epailaren aginduaren zain.
Kanpoan itsaso zakarra; ipar mendebaldeko haizea nagusi, zerua goibel; inguruan, giro epela antzematen da zaleen artean.
Bandera jaitsi eta estatxa askaturik hasi da estropada, hasi da lantaldearen ahalegina; hasi da gizabanakoen obedientzia itsua patroiaren gidaritzapean.
Traineru bakoitzean hamahiru lagun dira arraunean baina bat bakarra dirudite, batera, batuak, lanean, langile, gogor, gogotsu; buruan, helburu komuna, bihotzean, taupada isilak.
Soinua lagun, haizea etsai, ziztu bizian doaz, arraunkada, elegante; airean, bi soinu diferente nabarmentzen dira: batetik, patroiak bere ahotsarekin markatzen duena, bat, bi, eup! aurrera mutilak!; bestetik, palen soinua, lehorra eta zehatza, ura zeharkatzen, brastadaka, biziki, bortizki, gupidarik gabeko mugimendu sistematikoan.
Lehia, norgehiagoka; norberekeria alde batera uzteko gunea, bakoitzaren eskuzabaltasunaren adierazgarria, norbanakoaren fruitu onena lantaldearen eskura jarrita; ahalegin komuna, bakoitzarena, taldearena.
Lan taldeen jaia. Auzolanen jaia. Ahalegina, poza eta sufrimendua konpartitzeko jaia.
Zirraraz beteriko emankizuna. Arrauna, urte osoko lana. Estropadak, udako ikuskizuna.