407 Zenbakia 2007-09-14 / 2007-09-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Eneko Llanos

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eneko (ezkerraldean) eta Hector anaiak, Kanadako proba batean, 2000.urtean.

Eneko Llanos 1976ko azaroaren 30ean jaio zen Gasteizen. Inoiz ez da aulkian geldirik egoten diren horietarikoa izan. Txikitatik egin du kirola arabar honek, baina hasieran gazte gehienak bezala futbolean eta pilotan aritzeko joera zuen. Hamazazpi urte betetzean, ordea, beste kirol batekiko zaletasuna hasi zen sortzen berarengan. Lau urte nagusiagoa den bere anai Hectorrek triatloia praktikatzen zuen ordurako, eta pixkanaka Enekorentzat ere deigarri suertatu zen kirol mota hau. Beraz, orduan afizioa eta gaur egun ofizioa dena anaiaren “erruz” duela esan liteke.

Pixkanaka hasi zen entrenatzen gasteiztar gaztea eta beraz, ez zen bat-batean murgildu triatloian. Geroz eta erosoago hasi zen sentitzen modalitate horretan eta serioago hartzen hasi zen kontu hori.

Hala, igeriketa, txirrindularitza eta korrika hobetzen joan zen urterik urte eta triatloia praktikatzen daraman urte guzti hauetan aurrerapauso handiak eman ditu Enekok. Sarritan izan da Espainiako txapelduna; lehenengoz 1995. urtean aurkeztu zen lehiaketara eta aurreneko postua lortu zuen. Gainera, oso ohikoa da nazioarteko probetan parte hartzen ikustea.

Bere ametsetako bat egia bihurtu du dagoeneko, hots, Joko Olinpikoetan esku hartzea. Olinpiarra izateko pasea 2000. urtean lortu zuen eta Sydneyra bidaiatu zuen. Ahalik eta erakustaldi hoberena egin ondoren 23. postua lortzera iritsi zen. Lau urte beranduago, berriz, marka hori hobetu zuen Atenaseko Joko Olinpikoetan; hogeigarrena izan zen orduan.

Ametsak egia bihurtzen jarraitzeko indarrez dago 30 urteko gazte arabarra eta anaiarekin batera bere xedeak betetzeko aurrera egingo du, indarren ehuneko ehuna emanez.