407 Zenbakia 2007-09-14 / 2007-09-21

Artisautza

David Duffy. Harri zizelkaria: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

HISTORIA

Harrizko tresnak dira gizakiaren existentziaren berri ematen diguten lehen lekukoak. Gainera, historiari lotuta, Harri Aroa eta Harri Landuaren aroa (Neolitikoa) ditugu.

Harri zizelkariaren lanbidea ezagutzen direnetatik zaharrenetakoa da, baita arte zaharrena eta unibertsalena ere.

Jakina da K.a. 30.000. urtean, Aurignaciar garaian, bazirela jada emakume-iruditxoen harrizko tailuak, eta uste da erlijio-xedeetarako erabiltzen zituztela.

Baina eskultura Ekialde Hurbileko inperioetan garatu zen, Kristo aurreko laugarren milurtekotik aurrera, bereziki Egipton. Han, arte horrek perfekzio oso handia lortu zuen Inperio Zaharraren garaian (K.a. 2.500. urtean).

Ondoren, Mesopotamiako herrietan —Sumerren K.a. 3. milurtekoan— eta Indian garatu zen, eta ostean Asirian K.a. 1. milurtekoan.

Xede estetiko soila zuten eskultura profanoak, berriz, Greziar kulturarekin batera azaldu ziren. Ondoren erromatar mundua eta garai historikoa heldu ziren.