406 Zenbakia 2007-09-07 / 2007-09-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ruper Ordorika

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal musikari ezaguna dugu Ruper Ordorika. Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen 1956. urtean, baina 12 urte zituela Gasteiz aldera joan zen familiarekin eta bertan bizi da.

Ziurrenik askok Ruper Ordorikaren izena Pott Bandaren partaide izanagatik ezagutu zuten lehenengoz. Bilbon 1977an sortu zen talde hau eta kideak Ruper bera, Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandia izan ziren. Talde apurtzaile eta abangoardista zen Pott Banda.

Baina bere bakarkako lana 1980.urtean kaleratu zuen oñatiarrak. “Hautsi da Anphora” zuen izena eta garai hartan Ordorika Bilbon bizi zen. Hiru urte beranduago, 1983an, “Ni ez naiz Noruegako Errege” izeneko bigarren lana kaleratu zuen.

Londresen bizi izan zen denbora batez, eta garai hartan musikarekin zalantzak izan zituela esan ohi du. Baina zorionez, euskal kulturan erreferente dugun gizonak hirugarren diskoa kaleratu zuen 1985ean, “Bihotzerreak” izenarekin.

Jarraitzaileek bost urte itxaron behar izan zuten Ruperren musika berriaz gozatzeko. Oso ezagun bilakatu zen “Ez da posible” diskoa 1990ean argitaratu zen. Hala ere, etenaldi horretan zehar ez zen gora begira geratu gipuzkoarra, eta beste talde batzuen diskoak produzitzen aritu zen, esaterako. Lan ugariren egilea da Ruper. Bere azken diskoa 2006an kaleratu zen eta “Memoriaren mapa” izena jarri zion.

Bestalde, bizilekuz sarritan aldatu duela aipatu behar da; besteak beste Euskal Herria, Londres eta New Yorken kokatu du bere egoitza. Atlantikoa 1992an zeharkatu zuen eta itzuli ondoren Hiru Truku taldea sortu zuen, bere zaletasunetariko bati bide emanez: kantu zaharrekiko grina. Taldearekin hiru disko kaleratu ditu, 1994ean, 1997an eta 2004an, hain zuzen ere.

Zuzeneko emanaldiak atsegin ditu biziki eta Mugalaris izenez bataiatutako bere taldearekin aritu da eszenatokiz eszenatoki Euskal Herriko eta baita kanpoko hainbat txokotan. Eta oraindik hala jarraitzeko asmoa du, ahal duen neurrian bederen.