404 Zenbakia 2007-07-20 / 2007-07-27
Telebista piztu edo zinemara joan garenetan, sarri ikusi dugu gazte honen aurpegia pantailan. Unax Ugalde 1978ko azaroaren 27an jaio zen Gasteizen. Afizio ugari ditu; gazteagoa zelarik euskal dantzetan edo irratian aritu zen, esaterako, Maritxu Berrtitsuko esatari gisa.
Aktore izan aurretik baina, beste mundu batean murgiltzeko ideia izan zuen, Itsas Zientziak ikasi nahi baitzituen. Hala ere, azkenean Arte Dramatikoko ikasketak burutu eta antzezten hasi zen. Entre dos Fuegos telesailean (1998) lortu zuen bere lehenengo papera, eta handik beste lan arrakastatsu batzuk egin zituen telebistarako. Gero, 1999. urtean Madrilera joan zen eta bertan Periodistas, A las Once en Casa edo El Grupo saioetan aritzeko aukera izan zuen.
Baina zineman ere lan ugari egin duen mutila dugu Unax. Bailame el Agua (2000), Volverás (2002), Reinas (2005), edo Alatriste (2006) pelikuletan ikusi dugu, eta ez protagonismo gutxirekin gainera.
Kolonbian ere egin du lan gasteiztarrak eta bertan Rosario Tijeras (2005) deituriko film batean parte hartu zuen. Bestalde, ingelesez ere grabatu ditu hainbat lan, Los Fantasmas de Goya (2006) eta Savage Grace (2007) dira horietariko batzuk.
Bere lan oparoa saritua izan zaio Unax Ugalderi. Hala, Goya Sarietan Aktore Hoberena izateko hautagaia izan zen 2003an. Ourenseko Zinema Independentean aldiz Aktore Protagonista Onenaren Saria eman zioten 2004ean Frío sol de Invierno-n egindako antzezpenarengatik, eta baita Chileko Viña del Marreko Jaialdian ere lan berberarengatik.
Helena Tabernaren La buena nueva grabatu du Euskal Herrian 2007ko maiatza eta uztaila bitartean eta 2008an estreinatuko da. Gazte den aldetik, oraindik bide luzea du zinemagintzan, eta arrakasta gehiago biltzeko denbora ugari.