404 Zenbakia 2007-07-20 / 2007-07-27
Ez, oraindik ez dut oporretarako txartelik inon erosi eta badirudi abuztua lasaia izan daitekeela. Aspaldiko partez, ez dakit zergatik baina iruditzen zait hemengo bazterretatik ibiliko naizela, erdi galduta erdi ezkutatuta. Nolanahi ere, garaiz nago norabidea aldatu eta urrutiko paisaiak bisitatzeko, azken bost urteotan egin dudan eran. Nire kasuan, gainera, ez dut gustuen buruhaustea inorekin konpartitu behar, bidaiatzearen misteriorik erakargarriena niretzat, bakarka egitean baitatza.
Ezagutzaren motxila betetzen da bidaiatzearekin eta ariketa osasuntsua da, arlo guztietatik aztertuta. Burua freskatzeaz gain —urte osoko tirabira nekagarriak ahaztuta– gizabanako eta giza talde desberdinekin kontaktutan ipintzeko aukera eskaintzen digu hortik zehar ateratzeak.
Itzultzen garenean apur bat desberdinak garela ematen du, harreman horiek gure ohiko ibilbidean eragina izan balute bezala, apaingarri gisa adabaki berri batzuk azaltzen zaizkigula. “Aldatuta etorri zara!” aurpegiratzen dizute betiko adiskideek, berriz biltzean egiten duzuen lehen afarian. Eta ez zaie arrazoi punturik falta, eskarmentuz aberastuta itzuli baitzara eta hori beti nabarmentzen da edozeinen baitan.
Begiak eta bekokia zabal-zabalik abiatzen bazara, aurreiritzirik gabe, munduak eskerroneko keinua egingo dizu, “ongi etorri” bikaina luzatuta. Zoaz poliki eta umil, ikasgairik emateko bat ere asmorik gabe. Horrela, onetsi egingo zaituztete toki guztietan. Eta ez pentsa, bestalde, diruz oso garesti irtengo zaizula zapore onarekin itzultzea. Baina ez da uste behar eskerrona luza lekigukeen mundu geografikoak beti urruti egon behar duenik. Beharbada, guk imajinatu baino askoz hurbilago dago deskantsurako paradisu hori. Bilaketa da aurkikuntzaren gakoa.