404 Zenbakia 2007-07-20 / 2007-07-27
Euskal gizartea bidegurutze batean dago, etengabeko dialektika bat du bere baitan: batetik, bigarren eraldatze handia deitutakoa lehenbailehen hasteko premia du, hurrengo hamar urteetarako ekonomia-garapen iraunkorra, kohesio soziala eta kulturaren demokratizazioa bermatzeko; bestetik, iraganeko inertziak eta oztopoak alde batera uzteko ezintasuna eta inpotentzia sentitzen du. Egoera horretan, badirudi eginkizuna barneratu, onartu eta ulertu dugula; hala erakusten dute gure herrialdeko erakundeetako buruzagien eta agente ekonomiko, sozial nahiz kulturalen ordezkari gorenen ahotan maiz entzuten ditugun adierazpen publikoetako hitzaldiek: Berrikuntza, jadanik, gure herrialdea egituratzeko apalankamendu-efektu positiboaren eragile nagusia da, eta hala izango da gerora ere.
(Sormen Kapitala Udako Eskola 2006an, tokiko eta nazioarteko funtsezko eragileekin kontrastatutako ideia).
Baina, zer esan nahi du herrialde bat Berrikuntzaren aldetik egituratzeak? Azken urteotan, gure herrialdeak azpiegituretarako eta berrikuntza teknologikorako inbertsio-politika ugari garatu ditu; eta, horri esker, gaur egun gure gizarte-ongizatea eta lehiakortasun ekonomikoa nahiko handia da. Alor horretan, Europako iparraldeko herrialdeak eta Europako eskualde aurreratuak eredu izan ditugu; eta haien esperientziak kontuan hartuta, jakina da lehenengo ziklo inbertitzailearen ondoren beste ziklo bat ere egon behar duela, herrialde bateko agente guztien Sormena erein, aktibatu eta gizarteratzeko, eta horrela Sormen hori esparru-mota askotara, gero eta esparru banaezinagoetara, zabaltzeko: enpresa-esparrura, esparru sozialera, kulturalera, artistikora, zientifikora, teknologikora, hezkuntzara... Laburbilduz, ezin dugu esan berrikuntza dagoenik, aldez aurretik ez badugu gure politika guztietan nagusitzat jotzen sormena mantentzearen, sustatzearen, ereitearen, erakartzearen eta mobilizatzearen... garrantzia: Gure herrialdeko Sormen Kapitala landu eta sozializatu behar dugu, onurak bi norabideetan jasoz horrela, barrura begira, herrialdea komunitate gisako herrigintza egituratzen joateko, eta kanpora begira, nazioarteko sareetan geroz eta presentzia eta partehartze handiagoa izateko. Horrenbestez, Euskadi berrikuntzaren ikuspegitik eraikitzen eta egituratzen has dadin, berrikuntza teknologikorako inbertsio-fasearen ondoren (hard), sormen kapitalean inbertitu behar dugu (soft).
Horregatik, Sormenak eta Berrikuntzak Euskadiko garapen ekonomikoarekin, sozialarekin eta kulturalarekin lotuta joan behar dutela identifikatu dugunez, gure egin behar dugu Euskadi XXI. mendean guztion artean Euskal Gizarte Sortzaile baten moduan eraikitzeko erronka (oztopoak egon arren eta zenbait indar ahulgarri eta eszeptiko egon arren). Euskadi, Euskal Gizarte Sortzaile baten moduan egituratzearen funtsezko hiru arrazoiak honakoak izan litezke:
1. batetik, jarduera ekonomiko bereizgarriak garatu behar ditugulako, herrialde gisa iraun nahi badugu;
2. bigarrenik, horren ondorioz gaur egungo gizarte-ongizatearen mailari eutsi nahi badiogu; eta, azkenik,
3. euskal identitatea kulturaren ikuspegitik birformulatzeko premiazko beharrari aurre egiteko, Euskadi garaikidea, kosmopolita, plurala, askotarikoa eta munduari irekia etengabe berraztertuz eta eguneratuz, baina, aldi berean, tradizioa errespetatuz eta balioztatuz (“edan iturri zaharretik ur berria”, Artze).
Beraz, XXI. mendeko Euskadi, Euskal Gizarte-Sare Sortzaile baten moldearekin eraikitzen hasi beharko ginateke. Eta horixe irudikatzen dugu, hain zuzen, geure buruan, izate edo termino laburrago batez definitzen dugunean. Termino hori utopikoa izango da, agian, baina potentzialtasun handikoa: Euskal Hiria. Ikonoez eta ukigaiez haratago (adibidez, Guggenheim, azpiegiturak...), herrialde osoa, ukiezinen (pertsonen sormena, kapital bezala ulertua) norabide horretan bideratu behar dugu. Eta, beraz, izate edo kontzeptu hori, Euskal Hiria, edukiz hornitu behar dugu. Ukiezinari heldu behar diogu orain, esparru askotako jardunen eta esperientzien bidez. Sormena muinean, sarea egituran eta teknologia bitartekari moduan izango dituen hamaika proiekturen, Euskal Hiria eraikitzen joan gaitezen.
Gizarte Sortzaileak zer inplikazio dituen jakiteko, hona hemen hiru ebidentzia:
1. Batetik, 2.0 web-eko bertsio “ezagunenak” (youtube, my space...) erakutsi duten moduan, egiazta dezakegu teknologia bihurtu dela Sormenaren demokratizazio-prozesuaren aliatu nagusia. Jada ez gabiltza Sormenaren bila, dagoeneko edozein esparrutan aurkituko baitugu.
2. Bestetik, hiru sormen-motak (ekonomikoa, artistikoa eta teknologikoa) gero eta gehiagotan agertzen dira elkarrekin. Sormena, beraz, diziplina anitzekoa da, eta sistemikoa.
3. Azkenik, Ekintzaileak, Berritzaileak eta Sortzaileak aintzat hartzen hasteak erabateko garrantzia du.
Zergatik lotzen ditugu XXI. mendeko Euskal Gizarte Sare Sortzailea eta Euskal Hiria? Sormen- eta berrikuntza-prozesuetan, bakarkako jarrerak eta gizarte-testuinguru eta -dinamikak konbinatzen dira. Adierazle askoren arabera, gaur egun, prozesu horiek hirietan gertatzen ari dira, batez ere. Zergatik? Ez da, ez, hirietako jendea berez landakoa baino sortzaile eta berritzaileagoa delako, baizik eta hirietan hori gertatzeko baldintza egokiagoak daudelako. Nire ustez, azpiegiturei erreparatuta, etorkizuneko Euskadi hori metropoli handi bat izan daiteke. Baina paralelismo horrek beste behar bati erantzutearekin du lotura handiagoa: sarean konektaturik dauden eta hainbat eratako komunitate (besteak beste, enpresa-, zientzia-, teknologia-, arte-, kultura-komunitate) eratzen dituzten pertsonez osatutako gizartea eraikitzen hasteko beharrari, pertsona horiek euskal polis handia egituratzen has daitezen, hard-aren osagarri, soft-a edukiz hornituz.
Iradokizun gisa, Euskal Hiria eraikitzen hasteko, politika publikoak martxan jar daitezke, hainbat arlotan; besteak beste,
a) hezkuntzan (sormenean trebatzea eta sormenari buruz sentsibilizatzea);
b) lan-arloan (lanpostu berrien sorrera bultzatzea);
c) turismoan (pertsona sortzaileak erakartzea eta gure artean gera daitezela lortzea);
d) zerga- eta finantza-arloetan (proiektuak sustatzea eta arrisku-kapitala formulatzat erabiltzea);
e) ekonomia-sustapenean (jarduera berritzaileetan negozio berriak sortzea eta jada daudenak birmoldatzea);
f) gizarte-arloan (osasunean, hezkuntzan eta abarretan gizarte berrikuntza bultzatzea); eta
g) kulturan (pertsonen eguneroko bizitzan sormena egon dadin ahalbidetzea).
Beraz, gehiago luzatu gabe, ekin diezaiogun eztabaidari, tokiko eragileen jardunaren eta iritzien bitartez, Euskal Gizarte Sortzailea edo Euskal Hiria eraikitzen hasteko, nazioarteko adituen aholkularitza eta laguntza izanik. Hori da, hain zuzen ere, Sormen Kapitala Udako Eskola 2007 “Egungo Gizarte Sortzailea Eraikitzen” bigarren edizio honen helburua (uztailaren 23tik 25era, Miramar jauregian, EHUko Udako Ikastaroetan). Idatzi honen bitartez, Euskal Hiri hori guztion artean nola eta nondik eraikitzen hasi eztabaidatzera deitzen zaituztet. Ongi etorri/Welcome/Bienvenidos/Bienvenus.